Barakaldoko Udalak abuztuaren 15ean irekiko du 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako prestakuntzarako laguntzen deialdia

0

Ekimenak 90.000 euroko partida du eta prestakuntza-ikastaroetan -hizkuntzak, masterrak, prestakuntza-zikloak,…- inbertitutakoaren % 30-50 berreskuratzeko aukera ematen du, eta gehienez ere % 30era arte material informatikoa eskuratzeko egiaztatutako gastuari dagokionez. Eskaera irailaren 15era arte aurkez daiteke modu telematikoan www.barakaldo.eus webgunean, Barakaldo APP-ren bidez edo hiriko hiru Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetako edozeinetan (Herriko Plaza, Gurutzeta eta Clara Campoamor).

Barakaldoko Udalak abuztuaren 15ean jarriko du abian 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako prestakuntzarako laguntzak eskatzeko epea. Nerea Canterok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Sailak bultzatutako ekimenak 90.000 euroko partida du eta aukera emango du Barakaldoko gazteek prestakuntza-ikastaroetan eta  material informatikoa eskuratzeko gastuetan  egiaztatutako gastuak berreskuratzeko.

Laguntza horietako bat jaso nahi duten gazteek irailaren 15era arteko epea izango dute eskabidea egiteko. Horretarako hainbat kanal gaitu dira, hala telematikoak nola aurrez aurrekoak. Izapidea modu telematikoan egiteko nahiko da  Udalaren egoitza elektronikora sartzea, www.barakaldo.eus webgunearen bidez edo Barakaldo App mugikorrerako doako aplikazioaren bidez. Izapidea aurrez aurre egin nahi izanez gero, Herriko Plazan, Gurutzetako gizarte-etxean eta Clara Campoamor gizarte-etxean dauden hiru Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetako edozeinetara jo behar da.

% 30 ETA 50 ARTEKO DIRULAGUNTZA
Laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat dira, eta prestakuntza-ikastaroetan –hizkuntzak, masterrak, heziketa-zikloak…- egiaztatutako gastuaren guztizko zenbatekoaren % 30-50 jaso dezakete, eta, aldi berean, material informatikoa eskuratzeko egiaztatutako gastuaren % 30 berreskuratu ahal izango da gehienez. Canterok adierazi duenez «Gazteak prestatzen jarraitu ahal izatera bultzatzera zuzendutako  laguntza guztiak dira beharrezkoak eta, horregatik, dirulaguntzen ildo honen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, badakigulako familiek ondo hartzen dutela prestakuntzak eragiten duen gastua pixka bat arintzeko».

Diruz lagundu ahal izango dira 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 15era bitartean egindako gastuak, zentro homologatuetako matrikulak barne. Egindako prestakuntzarekin zerikusia duten liburuetan eta material informatikoan egindako gastua ere ordainduko da. Gastuak egiaztatzeko bidezko fakturak aurkeztu behar dira.

237 ESKAERA 2021ean
Iazko laguntza-deialdian 237 eskaera egin ziren, eta horietatik 154 eman ziren. Aitzitik, 83 eskaera ukatu behar izan ziren, batez ere oinarrietan ezarritako diru-sarrerak gainditzeagatik, deialdian ezarritako epeetatik kanpo egindako ordainketengatik, sailak eskatutako informazioa ez zuzentzeagatik edo ekimenaren xede den adin-tartetik kanpo egoteagatik.