Euskal herritarrek % 50eko hobaria jaso ahal izango dute Euskadiko garraio publikoko sistema guztietan Eusko Jaurlaritzak % 40raino laguntza osatuko duelako

0

Eusko Jaurlaritzak baliabide propioekin osatuko du 2022ko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Euskadiko garraio publiko osoko bonuetan aplikatuko den hobaria % 40ra arte. Erabaki horrekin, gainerako euskal administrazioei laguntzeko konpromisoa betetzen du Eusko Jaurlaritzak eta, horrela, laguntzaren zatirik handiena bermatuta izango dute, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru-laguntza jasotzen duten zenbatekoa edozein dela ere. Helburua da herritarrek Euskadiko garraio publiko guztietan % 50eko deskontua jaso ahal izatea. Hori lortzeko, aldundiek eta udalek gainerako % 10a beren gain hartu beharko dute.

Euskal administrazioek, joan den uztailaren 7an Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkuran bilduta, hobariaren % 50 hartzeko borondatea agertu zuten, eta hori aztertzea erabaki zuten, erakunde guztien arteko ahalegin bateratu batean oinarrituta. Bilera horretan, Espainiako Gobernuak onartutako Errege Dekretua aztertu zen. Dekretu horrek, besteak beste, zuzeneko laguntzen sistema bat ezartzen du autonomia-erkidegoentzat eta toki-erakundeentzat, baldin eta konpromisoa hartzen badute garraio-abonuen eta bidaia anitzeko tituluen prezioa % 30 murrizteko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, baita deskontu horiek baliabide propioekin handitzeko aukera ere.

Laguntza horiek jasotzeko, administrazio bakoitzak berariazko eskaera bat aurkeztu behar du uztailaren 31 baino lehen. Ministerioak diru-laguntza banatzeko ezarritako irizpideek eta zenbatekoek ehuneko desberdinak ezartzen dituzte, garraio-modalitatearen arabera (hirikoa, metropolikoa edo hiriartekoa). Kontuan hartuta diru-laguntza horiek ez direla Ministerioak eskatutako % 30eko hobarira iritsiko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du ministerio-laguntzaren diferentziala estaltzea eta haratago joatea, hobariaren % 40ra arte, hori eragozpen izan ez dadin gainerako administrazioentzat eta neurria euskal herritarren gehiengoarengana iris dadin. Autonomia Erkidegoko ogasunak bere funtsekin egingo duen ahalegin gehigarria 11 milioi eurokoa izango dela aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzaren laguntza hau jasotzeko, garraio operadore desberdinek hobariaren gainerako % 10a ordaintzeko konpromisoa hartu behar dute.

Garraio publikoko bonuen deskontuak automatikoak izango dira eta irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jarriko dira martxan. Neurri sozial eta ekologiko bat da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren hitzetan, “herritar guztiei mesede egingo die, batez ere erdiko klaseei eta langileei, garraio publikoa suspertu eta sustatzera, garraio pribatuaren indarra ahultzera eta, horrekin batera, CO2 emisioak murriztera bideratua”.

Gure interesa da –gaineratu du sailburuak– neurria modu koordinatuan eta hobari-ehuneko berarekin ezartzea Euskadiko operadore guztietan, onura orokorra izan dadin eta pertsona guztiei berdin eragin diezaien, erabiltzen duten garraio mota eta bizi diren Euskadiko lekua edozein izanik ere. Euskal Ogasunak ahalegin handia egingo du horretarako”.

% 50eko hobaria Euskotrenen

Euskotrenek, EGA egin ondoren Arriola sailburuak aurreratu zuen bezala, deskontuaren % 50 aplikatuko du Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoak erabiltzen dituen garraio modalitate guztietan.

Aste honetan bertan, Euskotreneko Administrazio Kontseiluak neurri hau onartu du eta hurrengo zerbitzuetan martxan jarriko du:

    • Bost trenbideetan (E1, E2, E3, E4 eta E5)

 

    • Bilboko metroaren 3. linean

 

    • Bilboko eta Gasteizko tranbietan

 

    • Larreinetako funikularrean

 

Deskontua Barik, Bat eta Mugi kontakturik gabeko txartelen bidez aplikatuko da. Larreinetako funikularreko hileko bonuak eta Kukullagako igogailuko 10 bidaietako bonuak ere % 50eko hobaria izango dute.