Garamendik Euskadiren parte-hartzea eskatu du Ecofinen eta euskal interesak jokoan dauden Europako foro guztietan

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak gaur Espainiako Gobernuari eskatu dio zuzenean parte har dezatela euskal administrazioko ordezkariek Ecofineko goi-bileretan, Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluan. Eskaera hau Europako gainerako organoetarako ere zabaldu du Olatz Garamendik, eta Eusko Jaurlaritzaren presentzia aldarrikatu du Euskadiri eragiten dioten gaiak bideratzen diren Europako foro eta erabakiguneetan. Gainera, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen arteko Europako gaietarako Aldebiko Lankidetza Batzordea berehala deitzeko eskatu du, eta Pedro Sanchezen Gobernuari eskatu dio 2023ko bigarren seihilekoan EBko Kontseiluan Espainiako txandakako presidentetza baliatzeko, Makrorreskualde atlantikoaren konfigurazioari argi berdea eman diezaion.

Garamendik Carueko bileran egin ditu eskaera horiek, Europar Batasunarekin lotutako gaietarako Konferentzian, non Espainiako Gobernua eta autonomia erkidego guztiak ordezkatuta dauden. Bilera gaur goizean izan da, Leioako Artaza Jauregian, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako Sailburua ezezik, Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroa eta Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako Ministroa ere izan dira, bai eta autonomia erkidegoetako kanpo-harremanen arloko ordezkariak ere.

Eusko Jaurlaritzaren bokazio europazalea adierazi eta Europar Batasun indartsu, integratu, sozial, lehiakor, iraunkor eta solidario baten aldeko apustu irmoa berretsi ondoren, Sailburuak adierazi du prest dagoela Pedro Sanchezen txanda europarreko presidentetza Europako herritar guztien arrakasta izan dadin laguntzeko eta lan egiteko. Ildo horretan, Pedro Sanchezen hurrengo Europako presidentetzari begira aintzat hartu beharko liratekeen zenbait gai planteatu ditu bileran.

Horrela, Kontseilu Europarrak Makrorreskualde Atlantikoa eratzeko Europako Batzordearen aginduari argi berdea emateko unea dela nabarmendu du, Euskadi barne hartzen duena. Ondoren, Europako presidentetzak autonomia erkidegoek Batasuneko Kontseiluan parte hartzeari beste bultzada bat emateko aukera bat ahalbidetzen duela planteatu du. Garamendik adierazi duenez, “Espainiako Estatuak Europako lehendakaritzaren seihilekoa balia dezake eta baliatu behar du gobernu maila guztien potentziala mobilizatzeko”.

Ildo horretan, Euskadira begiratuta, Ekonomia eta Finantzetako ministroen Kontseiluaren (Ecofin) osoko bileretan parte hartzea eskatu du berriro. “Proposatzen dut lan egitea, beranduenez 2023ko bigarren seihilekoan Ecofin-eko Kontseiluetan eta Justizia eta Barne Arazoetako Kontseiluan (JAI) euskal partaidetza egon dadin, polizia eta segurtasun gaiei dagokien alderdian”, adierazi du.

Bi foro horietan hitza eta botoa duten euskal erakundeen parte-hartzea lortzeko, Garamendik eskatu du Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Europako Gaietarako Aldebiko Lankidetza Batzordea deitzeko. Azaldu duenez, “gure Kontzertu Ekonomikoaren sistemak eta gure autogobernuak eskakizun horiek planteatzera behartzen gaituzte. Eskakizun horiek, erabat gauzagarriak direla. Era berean, euskararen eta Estatuko gainerako hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera sustatzeko konpromisoa eskatu du Espainiako presidentetza europarrean zehar.

Sailburuak leialtasun instituzionalarekin lan egiteko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela adierazi du, euskal autogobernua eta eskumen esparrua ahalik eta gehien errespetatuz.