Ertzaintza 12 emakumek jasotako ziztadak ikertzen ari da, ziztada guztiak jai-barrutietan eta gaueko aisialdiko lokaletan gertatu dira

0

Ertzaintza azken 15 egunotan jai-barrutietan eta gaueko aisialdiko guneetan 12 emakumek jasotako ziztadak ikertzen ari da. Ziztadak Santurtzin, Bilbon, Gasteizen, Zarautzen, Etxebarri eta Zierbena erregistratu dira. Kasu horiek dira, gaur arte, uztailaren 31ra arte, osasun-langileek ziztada gisa egiaztatu dituzten bakarrak. Nolanahi ere, horietako bakar batean ere ez da aurkitu, oraingoz, substantzia toxikoen arrastorik.

Kasu guztiak antzera gertatu dira: biktima jai-giroan edo gaueko aisialdiko giroan zegoen bitartean, ziztada nabaritzen du, batez ere besoan edo zangoan, eta, gero, ondoezik sentitzen hasten da (zorabioak, logura, eta abar). Biktimak osasun-zentro edo -puntu batera joaten dira, osasun-langileek azter ditzaten, eta haiek berresten edo baztertzen dute ziztada izan den. Ziztada baieztatuz gero, analisi toxikologikoak egiten dira eta, gaur arte, bakar batek ere ez du inolako substantziatan positibo eman.

 

Era berean, ez da ziztada horien motibazioa, asmoa edo xedea ezagutzen. Ikerketa-ildorik edo -hipotesirik baztertzen ez bada ere, Ertzaintzak, oraingoz, ez du uste ziztaden asmoa sexu-askatasunaren aurkako delituak edo bestelako delituak egitea denik.

Deskribatutakoaren antzeko egoera baten biktima bazara, Ertzaintzak gomendatzen du:

– Gorputzeko atalen batean ziztada edo erresumina nabaritzen baduzu, eta ondoezik sentitzen bazara, jakinaraz iezaiezu ingurukoei eta eskatu laguntza.

– Aldi berean, jarri harremanetan SOS Deiak 112 Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuarekin, eta jakinarazi gertatutakoa. Hala, gertaeraren berri emango zaie Ertzaintzari eta udaltzaingoei, eta inguruan dauden polizia-baliabideak zurekin harremanetan jarri ahal izango dira, gertatutakoa argitzen eta balizko egileak identifikatzen lagunduko duten datu objektiboak biltze aldera.

– Joan zaitez ahalik eta lasterren ospitalera, eta han egingo dizute analitika, zure organismoan substantziak dauden antzemateko eta delitu-zantzuak dauden baieztatzeko.