65.000 pertsonak baino gehiagok gozatu, abestu eta dantzatu dute blues generoaren erritmora Areatzako zabaldegiko kontzertuetan Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehenengo edizioan.
Zifra horri gainerako jardueren balantze paregabea gehitu behar zaio, hala nola Areatzako kioskoko ekitaldiak, boogie-woogie dantza estiloaren eskolak eta “Granujas a todo ritmo” dixie bandaren kalejira.
Bilboko Guggenheim museoan garatutako eskaintza didaktikoak ere interes handia piztu du, eta aurreikusitako edukiera ia osorik bete du, bai emakumeari eta bluesari buruzko hitzaldian bai eta haurrentzako kontzertu pedagogikoan ere.
GIRO PAREGABEA
Jaialdiak mundu osoko zale amorratuz bete du Bilboko Areatza. Batzuk Kanadatik, Suitzatik edo Alemaniatik etorri dira, eta bertako jendea ere egon da. Gainera, talde eta artisten kalitatearekin eta giro onarekin bat egin duten turistak ere izan dira bertan.
“Oso pozik gaude jaialdiari egin zaion harrerarekin” adierazi du Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak. “Balantze oso positiboa izan duen froga bat izan da. Udalean interesgarriak iruditzen zaizkigu horrelako jaialdiak, izan ere, askotariko entzuleak erakartzen dituzte eta Bilbo hiri kultural erakargarri bilakatzen dute».
«Gure erronka, udan, kalitatezko musika ekitaldi bat abiaraztea zen, kultura ekitaldien egitaraua osatzeko: BBK Bilbao Music Legends Fest (Bilbao Arena), Metallicaren kontzertua (San Mames), Bilbao BBK Live (Kobetamendi), Bilbao Blues Festival (hiriko erdigunea), eta amaitzeko, Aste Nagusia. Lehen aldiz blues generoa hirian zabaldu dugu eta frogatu dugu bilbotarrek zein kanpoko jendeak oso gustuko izan dutela” adierazi du Ochandianok amaitzeko.
“Oraindik bereganatze ari gara jaialdiak hirian izan duen harrera ikaragarria, bai eta artista eta blues banden familia beraren harrera ere” nabarmendu du Carlos Malles edizioaren zuzendariak. Gainera, azpimarratu duenez, beste behin ere, “jaialdira bertaratu diren entzuleak edozein hirik hartu nahi dituen entzuleak izan dira: baketsuak, adin ertainekoak eta erosahalmen ertain-altukoak”.
Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehenengo edizioan lehen mailako hurrengo artistak izan dira: Bob Stroger eta Chicago All Stars, Shemekia Copeland, Alejo Stivel, Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Fantastic Negrito, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Blues Triumvirate, Flamingo Tours, Micky & The Buzz.
AMAIERA HUNKIGARRIA ETA AHAZTEZINA
Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehenengo edizioari amaiera emateko Travellin’ Brothers Bilboko bandak artista gonbidatuekin batera (Fito eta Mikel Erentxun) kontzertu hunkigarria eta ahaztezina eman zuen, eta horren bidez Unax Cañibanori hurbileko omenaldi egin zioten (joan den larunbatean hil zen taldeko baxu jotzailearen semea). Milaka pertsonek babestu zuten taldea une zail honetan.