Sporting Braga eta Girondins Burdeos, lagunarteko berriak Athleticeko emakumezkoen taldearentzat

0

Portugalgo Sporting Braga eta Frantziako Girondins Burdeos izango dira zuri-gorrien bi aurkari berriak denboraldiaurrean. Abuztuaren 6an Unqueran Real Oviedoren aurka jokatuko duten partida eta abuztuaren 10ean SD Eibarren aurka Medina de Pomarren jokatuko dutena konfirmatuta zituzten lehoiek, eta orain beste bi prestaketa partida gehiago izango dituzte nazioarteko arerioen kontra.

Lagunarteko lehen norgehiagoka Lezaman jokatuko da Portugaldarren aurka. Bi taldeak estreinekoz neurtuko dituzte indarrak. Sporting Braga aurtengo Portugalgo Superkopa jokatzeko prestatzen ari da. Bertan Benfica, Sporting Portugal eta Famalicão taldeek ere parte hartuko dute. Bragakoek abuztuaren 10ean jokatuko dute finalerdia Lisboako Benficaren kontra. Horregatik, norgehiagoka ateak itxita ospatzeko eskatu diote Athletic Clubi (ikuslerik eta telebistarik gabe). Hitzordua 2. zelaian izango da ostegun honetan, hilak 4, 11:30etik aurrera.

Bestalde, datorren igandean, abuztuaren 14an, Iraia Iturregik zuzentzen dituen jokalariek Bordeleko Girondins hartuko dute Lezaman. Bi aurrekari daude Bordeleko taldearen aurka: 2017/2018 denboraldian, Donibane Lohizunen, frantziarrek 2-1 irabazi zuten eta 2019/2020 denboraldian, Bordeleko Matmut Atlantique estadioan, 4-2 amaitu zen neurketa etxeko taldearen alde.

Horrela, bi kluben arteko hirugarren neurketa dator, oraingoan zuri-gorrien etxean. Partida 12:00etan hasiko da Lezamako 2 zelaian.