Deszentralizazio prozesuan Euskadiren eredua «oso baliagarriatzat» jo du Txileko Gobernuak

0

Txileko Gobernuko Eskualde Garapeneko idazkariorde Miguel E. Crispik uste du Euskadiren esperientzia oso baliagarria izan daitekeela Hego Amerikako 16 eskualdeen deszentralizazio prozesuan. Gabriel Boric presidente berria Txileko Errepublikako Presidentetzara iritsi ondoren, Hegoamerikako herrialdea halako prozesu bat abiatu nahian dabil. Hala jakinarazi dio prozesu honen bultzatzaile den Crispinek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua Olatz Garamendiri, gaur izan duten bilera telematikoan.

Txileko Gobernuko ordezkariak deszentralizazio prozesuaren inguruko kezkak eta galderak azaldu dizkio Sailburuari, izan ere halako prozesu baten aurrean ez dute esperientziarik. Gainera, gogorarazi du eztabaida hori datorren irailean Txileko herritarrak hautestontzietara eramango dituen erreferendumaren eztabaida politikoarekin bete betean  gurutzatzen ari dela. Txileko Konstituzio berriaren proposamena berresteko, edo ez, deitu da plebiszitoa.

Crispirekin izandako bileran, Sailburuak euskal erakunde arkitektura, gure autogobernuaren funtsezko alderdiak, indarrean dagoen esparru juridikoa eta deszentralizazioarekin, transferentziekin, aldebikotasunarekin, eskubide historikoen izaerarekin zerikusia duen guztia azaldu dizkio. Halaber, foru berezitasunari eta euskal ogasunen ondoriozko kontzertu ekonomikoari buruzko argibideak eman dizkio. Ildo horretan, Garamendik Eskualde Garapeneko idazkariordeari azpimarratu dio beharrezkoa dela deszentralizazioa “prozesu eratzaile batean oinarritzea eta inplikatutako alderdi guztiek bete beharreko bermeak jaso ditzala”. Txileko ordezkariak aitortu du aurreratuago daudela transferentzia prozesuaren eztabaidan eta ezagutzan aldebikotasunean baino.

Garamendik azpimarratu dio elkarrizketaren bidez kudeaketa deszentralizatu baterako beharrezkoa den konfiantza sortzea ahalbidetuko duen prozesu bati ekiteko beharra. Ildo horretan, euskal eredu eta esperientziari erreparatu dio eta Txileko Gobernuko ordezkariari jakinarazi dio prozesu horrek “herritarren ongizate handiagoa ekarriko duela, erronken eta egin beharreko kudeaketaren kudeaketa hurbilari eta zuzenari esker”. Era berean, transferitu daitezkeen gaien kontakizun osoa egin du Sailburuak, Gernikako Estatutua adibidetzat hartuta, eta Espetxeen transferentzia jarri du adibidetzat.

Azkenik, elkarrizketan zehar, Garamendik Txileko herriari prozesu honetan onena opa dio eta, hala badagokio, Txileko prozesu deszentralizatzaileari ekarpenak egiten jarraitzeko prest agertu da.