Etxebizitza nagusien kopuruak gora egin du Euskadin eta jaitsi egin dira sasoikoak eta jenderik gabekoak azkeneko bi urteetan

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bi urtean behin egiten duen Etxebizitzaren Erabilerari buruzko Inkestak, oraingoan 2021ekoak, oso eboluzio bizkorra erakusten du Euskadiko etxebizitza-parkean lehen etxebizitza helburu duten etxeen gero eta erabilera handiagorantz, beren funtzio sozialari erantzunez, eta murrizketa baterantz sasoiko etxebizitza edo bigarren etxebizitza gisa erabilitakoen eta jenderik gabekoen kasuan. Etxebizitza Sailak ostiral honetan jakitera eman duen inkestaren arabera, Euskadin 1.073.955 etxe daude, eta horietatik % 92, hau da, 997.050, etxebizitza nagusiak dira. 2019an, etxebizitza nagusien kopurua 972.486koa zen, 1.059.465ko guztizko parketik; hau da, halako etxebizitzak 24.564 gehiago dira. Etxebizitza ez nagusiak, 76.905, parke osoaren % 7,2 dira, duela bi urte baino ehuneko puntu bat gutxiago eta 2009tik izandako daturik baxuena.

Ez nagusietatik 30.147 etxebizitza sasoikoak dira (guztizkoaren % 2,8). Gainerakoak, 46.758, jenderik gabe daude, eta 6.775 gutxiago dira 2019an hutsik zeuden etxebizitza gisa identifikatutako 53.533en aldean. Bestalde, adierazi behar da hamar etxebizitza hutsetatik hiru salmenta- edo alokairu-merkatuan eskaintzan daudela eta, beraz, epe labur eta ertainean erabiltzeko moduan egon daitezkeela.

Jenderik gabeko etxebizitza guztietatik, 11.434 baino ez datoz bat 2015ean onartutako Etxebizitzaren Euskal Legeak ezarritako baldintzekin. Lege horren arabera, jenderik gabeko etxebizitzak dira egoera horretan bi urte baino gehiago daramatenak eta, besteak beste, osasun-arrazoiengatik edo lan-mugikortasunagatik egoera horretan daudenak salbuesten ditu. Kopurua 2019koa baino zerbait txikiagoa da; orduan 15.100 etxebizitza zenbatetsi ziren egoera horretan eta, beraz, mobilizatu zitezkeela kontuan hartzen zen beren funtzio soziala betetzeko.

Inkestak erakusten duenez, 2019-2021 aldian eraikitako etxebizitza familiarren parkeak 14.490 etxebizitza gehiago izan ditu, eta etxebizitza nagusien kopuruak, berriz, 24.564 gehiago. Horren arabera, azken bi urteetan etxebizitza hutsen edo bigarren etxebizitza gisa erabilitakoen mobilizazio nabarmen bat egon da, lehen etxebizitza gisa erabiliak izateko.

Alde horretatik, Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik adierazi duenez, azken bi urte hauetan EAEko familien aldetik izandako etxebizitza nagusiaren eskari handiagoa “ez da behar beste eraikin berriekin estali. Eskari horren zati bat bigarren etxebizitzekin bete da —3.299 kasutan lehen etxebizitza bilakatuak— eta batez ere 2019an jenderik gabe zeuden 6.775 etxebizitza bizitegi-erabilera nagusian sartzean”.

Horrek nabarmendu egiten du Euskadiko bizitegi-parkearen eraginkortasuna, baina, era berean, agerian uzten du tentsio handiak izango direla etorkizunean, obra berriarekin bete ezin daitekeen oraingo eskaintza handitzeko. Egoera horren aurrean, euskal etxebizitza-politikak eskueran dituen tresna guztiak modu koordinatu eta kolaboratibo batean areagotu behar dira, arlo horretan eskumena duten eragile publiko eta pribatu guztien aldetik, eskaintza hori handitzea helburu hartuta, eta kasu gehienetan arrazoizko prezioetan”.

Lurralde historikoen arabera

Araba da etxebizitza ez nagusi gehien dituen lurralde historikoa, lurralde horretako etxebizitza guztien % 8,5. 14.324 dira, hau da, Euskadiko etxebizitza ez nagusi guztien % 18,6. Bizkaiak jarraitzen dio (% 7,4) 41.298 etxebizitza ez nagusirekin. Euskadiko etxebizitza ez nagusi guztien erdia baino gehiago dira (% 53,7) eta probintziako etxebizitza-parkearen % 7,4. Gipuzkoak (lurraldeko etxebizitza guztien % 6,1) 21.283 etxebizitza ez nagusi ditu, Autonomia Erkidegoko etxebizitza guztien % 27,7.

Araban sasoiko etxebizitza gehiago dauden bitartean (guztizkoaren % 4,8), Bizkaiak ditu hutsik dauden etxebizitza gehien (% 4,9).

Etxebizitza ez nagusi gehiago udalerri txikietan

Inkestaren arabera, udalerria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da etxebizitza ez nagusien ehunekoa. 10.000 biztanletik beherako udalerrietako etxebizitza es nagusien tasa % 15ekoa da (34.169 etxe dira guztira Euskadi osoan), eta ehuneko hori % 3,6ra jaisten da hiriburuetan. Etxebizitza nagusi gisa erabiltzen ez diren EAEko hiru hiriburuetako 13.535 etxeetatik 5.557 Gipuzkoako hiriburukoak dira, hau da, hiriko parkearen % 5,9. Pisu hori ez dator bat Bilboko % 2,9arekin eta Gasteizko % 2,6arekin. Hiru hiriburuetako etxebizitza ez nagusien % 41,1 Donostian dago, eta 2019ko inkestarekin alderatuta, Euskadin mota horretako etxebizitzen beheranzko joera orokorra ikusita, ia puntu portzentual bat hazi da, % 5etik % 5,9ra; aldiz, Bilbon (% 4,4tik % 2,9ra) eta Gasteizen (% 2,5etik % 2,6ra) jaitsi da.