Aurten Bizkaiko hondartzetara joan diren bisitarien kopuruak % 34,3 egin du gora, ekainaren 1etik uztailaren 31ra, 2021eko tarte horrekin alderatuta. Guztira, 1.420.336 pertsona izan dira. Gorakada, batez ere, uztailean izan da, 1.131.742 pertsona joan baitziren lurraldeko hondartzetara, hau da, % 79,6a.
Denboraldiko lehen bi hilabeteetako eguraldiak ere lagundu du hondartzetako erabiltzaileen kopurua igotzen, aurten 2021ean baino bederatzi egun eguzkitsu gehiago izan baitira, eta zerua lainotuta egon den edo eguraldi aldakorra egon den egunetan ere, udako tenperaturak egon baitira (baita ohi baino altuagoak ere) aurreko ekitaldian jasotakoak baino.
Bisitari gehien izan dituzten hondartzak hurrengoak izan dira: Arena (276.169 bisitari), Arriatera-Atxabiribil (163.981), Gorliz (132.604), Ereaga (125.219) eta Bakio (108.459).
«Denboraldiaren lehenengo erdian hondartzara jende gehiago joan dela hauteman dugu. Funtsean, bi faktorek izan dute eragina. Batetik, eguraldia. Eguraldi onaren eta ekaineko eta uztaileko tenperatura altuen ondorioz, jende asko hurbildu da Bizkaiko hondartzetara. Zentzu horretan, denboraldi hau 2021ean ez bezala hasi da; izan ere, hondartzara jende gutxi joan zen pasa den urtean, tenperaturak ohi baino baxuagoak izan zirelako urte sasoi horretan eta egun lainotsu, aldakor eta euritsu gehiago egon zirelako. Bestalde, aurten jende gehiago joan da hondartzara, izan ere, bi udaz pandemiagatik eta murrizketengatik baldintzatuta egon ondoren, nolabaiteko normaltasuna berreskuratu dugu. Normaltasunera itzuli garela, argi geratu da herritarrok gogo handia genuela pandemiaren aurreko aisialdiko ohiturak berreskuratzeko, besteak beste, hondartzara joatea. 2020an ere antzeko zerbait gertatu zen, konfinamenduaren ostean, jende gehiago joan zen hondartzara» azaldu du Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zk.aintzeko diputatua
Hondartzetara jende gehiago joatearen ondorioz, sorosle taldeak erabiltzaile gehiagori eman die arreta, zehazki, 2.325 pertsonari, hau da, 2021ean baino 253 pertsona gehiagori. Kasu gehienak (1.283) zauriengatik eta salbiroien ziztadengatik izan dira (240), ohi bezala. Gainera, sorosleek 53 erreskate egin dituzte itsasoan: 32 ur korronteengatik eta 21 nekeagatik.
Arreta jaso zuten pertsonetatik soilik 64 joan behar izan ziren osasun zentroetara. Gainerakoak (2.260) hondartzan bertan jaso zuten alta, Bizkaiko Foru Aldundiko langileen arreta jaso ostean.
Lagundutako bainua
Lagundutako bainuaren zerbitzua 453 pertsonek erabili dute hondartzako denboraldiko lehenengo bi hilabete hauetan. Gehien bat, Plentzian (164 pertsona) eta Ereagan (156).
Zerbitzu horren erabiltzaile gehienak (379) banaka bertaratu dira, antolatutako talde batekin etorri beharrean, eta 228 pertsonek aldez aurreko hitzordua eskatu dute, bereziki, horretarako dagoen telefono zerbitzuaren bidez.
276.920 kilo hondakin jaso dira
Denboraldiaren lehen erdian, hondakin gehiago jaso dira 2021an baino, batez ere, aurten Getxoko hondartzak foru zerbitzu horretan sartu direlako, eta baita hondartzetara jende gehiago joan delako ere. Horrela, 276.920 kilo hondakin jaso dira ekainean eta uztailean, hau da, 2021ean baino 15.080 kilo gehiago.
Hondakin gehienak (176.180 kilo) mareak itsasertzera ekarritakoak dira; 73.260 kilo errefusaren frakzioko edukiontzietan bota dira eta gainerako 27.480 kiloak edukiontzi horietatik jasotako ontziak eta plastikoak izan dira.