Dinosauro espinosauridoek hortzak aldatzeko maiztasuna da Kretazeoko aztarnategietan ugari aurkitzearen arrazoia

0
PRUEBA

Espinosauridoek aldi berean hiru belaunaldi hortz ere gara zitzaketen. Hortzak oso maiz aldatzen zituztenez, halako hainbeste pieza aurkitu dituzte Kretazeoko aztarnategietan.

Hala baieztatu dute “New contributions to the skull anatomy of spinosaurid theropods: Baryonychinae maxilla from the Early Cretaceous of Igea (La Rioja, Spain)” artikuluan, Historical Biology aldizkarian argitaratu dutena Iker Isasmendik (egile nagusia) eta Xavier Peredak, UPV/EHUkoak; Pablo Navarrok, Errioxako Unibertsitatekoak; eta Angélica Toricesek, Errioxako Unibertsitateko Paleontologiako Katedrako zuzendariak; Madrileko Unibertsitate Konplutentseko eta Errioxako Interpretazio Paleontologikorako Zentroko beste aditu batzuekin batera.

Zientzialariek berraztertu dute 1995ean Vierak eta Torresek argitaratu zuten fosilisatutako baraila baten hondakina, 1983an aurkitu zutena Igeako Behe Kretazeoko aztarnategian (Errioxa, Espainia). Dinosauro haragijale baten ezkerreko masailezurraren zati bat da, zortzi albeolo kontserbatzen dituena. MikroOTA bidezko teknikak baliatuz, hortzen hutsune horietako batean ikusi dituzte aldi berean garatzen ari diren zenbait hortzen aztarnak.

“Albeolo berean hortzen hiru belaunaldi arte identifikatu ditugu: batetik, animaliaren hortz funtzionala; bestetik, hortz hori ordezkatuko lukeen pieza eta; azkenik, bigarren hotz horren ordezkoaren jatorria”, azaldu du Errioxako Unibertsitateko Pablo Navarrok.

“Aurkikuntza horrek adierazten du dinosauro horiek oso azkar aldatzen zituztela hortzak eta, ziurrenik, horregatik aurkitzen dituztela Iberiar penintsulan Behe Kretazeoko espinosauridien hainbeste hortz”, esan du artikuluaren egilekideak.

Orain arte jakina zen espinosauridoen espezie batzuek beste teropodo batzuek baino azkarrago alda zitzaketela hortzak –dinosauro haragijale ertainak/handiak ziren, garezur luzexka eta krokodiloen antzeko hortz konikoak zituztenak–, estimazioen arabera 60-68 egunean behin. Ikerketa horrek egiaztatu du talde osoaren ezaugarria zela. Gainera, frogak aurkeztu ditu: aurreko hortzak ordezkatzeko zenbait pieza garatzen zituztela aldi berean.

“Animalia horiek bizitza osoan garatzen zituzten jatorrizko hortzaren ordezko piezak, aurrekoa erortzea eragiten zutenak. Horrek esan nahi du animalia batek hortz ugari sor zitzakeela”, adierazi du Pablo Navarrok.

“Gutxi gorabehera kono forma eta zenbait zentimetroko neurria zituzten hortz horiek ibaiek garraiatzen zituzten aintziren inguruetaraino. Denborarekin, fosil bihurtzen ziren –azaldu du ikertzaileak–. Behe Kretazeoko (145 eta 113 milioi urte bitartean) aztarnategi iberikoetako ornodunen aztarna ohikoenetako bat dira”.

Hortzak horren maiz aldatzeko zergatia zehaztasunez ez dakiten arren, uste dute ezaugarri horrek aukera ematen ziela uneoro hortz funtzionalen kantitate handiagoa edukitzeko. Hori funtsezko abantaila izango litzateke harrapakinei masailezurraz eusteko esfortzu handia egin behar baitzuten.

Aurkikuntza horiez gain, ikerketa horrek aukera eman du aztertutako masailezurraren sailkapena argitzeko: adituen arabera, ez da Baryonix generokoa, lehen uste zenaren kontra, baizik eta horren oso antzekoa zen beste espinosaurido mota batekoa, barionikino zehaztugabe batena.

Orain arte Igean egin diren azterketa paleontologikoak nabarmenak dira espinosauridoen hezurren hondakin ugari aurkitu direlako, artean, zenbait banakoren eskeleto partzialak. “Ikerketa horri esker, dinosauro haragijaleen talde hain berezi horren aniztasunari buruzko ezagutza hobetuko dugu. Igeako aztarnategietan seguruenik bi espezie aurkituko ditugu gutxienez”, esan dute Erik Isasmendi eta Xabier Pereda-Suberbiolak, UPV/EHUko Geologia Departamentuko paleontologoek. Beraz, Errioxako herri hori munduko leku garrantzitsu bat da espinosauridoen azterketarako.