Buia ozeano-meteorologiko berria instalatu dute Bizkaiko uretan

0

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak buia ozeano-meteorologiko berria instalatu dute Bizkaiko uretan, zehazki Gorrondatxe (Azkorri), Barinatxe (La Salvaje) eta Arrietara-Atxabiribil hondartzen inguruan. Ekipamendu berriak, besteak beste, itsasoaren egoerari buruzko informazioa emango du, bainularien, surflarien eta nabigatzaileen segurtasunerako, eta itsasoko perturbazioen intentsitatea eta bilakaera zainduko ditu galerna-egoeretan.

Zunibal SL enpresak fabrikatutako buia berria ANTEIA motakoa da, eta txikia da, ainguratuta egon behar du eta itsasertzetik hurbil egongo da. Ekimena itsasertza eta itsas-ingurunearen modelizazioa aztertzeko Europako MAREA POCTEFA proiektuaren esparruan gauzatu da.

Geografikoki, buia Bilboko Portuaren behaketa-sarean eta Eusko Jaurlaritzaren eta AZTIren egungo behaketa-sistema ozeano-meteorologikoan integratuta dago; sistema horiek Mutrikuko itsasbazterreko buiaren eta Donostiako ur sakonetako buiaren jardueran oinarritzen dira. Sistema horietan integratu izanari esker, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, hemendik aurrera, Euskadiko itsasertza zaintzeko ahalmen handiagoa izango du.

Berez, ekipamendu berriak etengabe emango ditu itsasertzetik hurbil dagoen eta itsas-aktibitate handia duen puntu jakin bateko olatuei eta olatuen altuerari, norabideari eta periodoari buruzko datu interesgarriak. Erreferentziako puntu hori surfa egiteko erabiltzen diren hainbat hondartzatatik hurbil dago.

Nautika eta Itsas Garraioko Graduko irakasle ikertzaileak eta Tecnaliako eta Zunibal SL enpresako ikertzaileak arduratuko dira hemendik aurrera datuak hartzeaz eta aztertzeaz helburu tekniko-zientifiko argi batekin: itsasoaren egoera aztertzea eta datu-base bat sortzea itsas-ingurunea hobeto ezagutzeko eta etorkizunean inguruko gizartearen eta ekonomiaren arloko jardueren, ingurunearen jasangarritasunaren eta kontserbazioaren eta erabiltzaileen segurtasunaren mesederako erabiltzeko.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta aipatutako organismoek elkarren artean ezagutza, ikerketa eta lankidetza sustatzearen aldeko apustua egin dute. Behaketa ozeano-meteorologikorako sistema berri honen bidez eskuratutako datuek agerian jarriko dute neurketa-puntu berri batek ingurunearen ezagutzan izan dezakeen eraginaren benetako helmena.