Jabier Villarrealen sormen-mundu liluragarria

0

NON: Nafarroako Museoa. NOIZ: 2022ko apirilaren 12a. NORK: Luis del Portillo.. Energia Elektrikoa Saila.

Liluragarria. Horixe esaten dute Arte Ederren Fakultateko ikasleek edo lankideek Jabier Villarrealen (Iruñea, 1962-2019) irakaskuntza-lana gogoratzen dutenean. Irakasle lanetan bezalaxe murgiltzen zen sorkuntzan eta ikerketan, eta batean zein besteetan, Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko irakasle eta dekano ohiak zioen moduan, “bere izaera esperimental eta iragazkorra nabarmentzen zen, beti prest baitzegoen mota guztietako teknika eta hizkuntzekin lan egiteko”. Modu zatikatuan soilik ikusi ahal izan den lan sortzaile horretaz guztiaz irailaren 4ra arte goza daiteke Nafarroako Museoan (Santo Domingo kalea, 47, Iruñea). Ángela Moreno artista eta Jabierren bikotearen ahaleginari esker prestatutako erakusketak ‘Imajinario eta paisaia kritikoen kartografia’ du izena. Atzera begirakoak Villarrealek egindako serieak, teknikak eta proiektuak biltzen ditu. Pintura, lan grafikoa, infografia, 3Dko irudiak, bideoak… Guztira, 70 lan (gehi prestakuntza-marrazkiez betetako koaderno eta agendak, hamar argitalpen, lau disko…). Fernando Golvano, erakusketako komisario eta UPV/EHUko irakasle erretiratuaren hitzetan, “errealaren sorkuntza berri batean” murgiltzen gaituzte obra horiek, eta irudimenezko, fantasiazko eta batzuetan surrealista den errealitate batera eraman.

Erakusketari buruzko bideoa: https://youtu.be/BJv8BW6JSJQ

Saileko argazki guztiak Photocampusen.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus  Onenak sari bat jasoko du.