UPV/EHUko bi ikasle, erregai garbien nazioarteko lehiaketa bateko irabazle

0

Aritz Fragak eta Aimar Martinek emaitza bikaina lortu dute Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioko Nazioarteko Lehiaketan. Gaur egun UPV/EHUn Ingeniaritza Kimikoko Graduko 3. maila egiten ari diren ikasleek lehenengo postua lortu dute ‘Egoera egonkorreko simulaziorik onena’ kategorian. “Prozesuen eta Produktuen Ingeniaritza irakasgaian ikasitakoa praktikan jartzeko gogoa. Gauzak teorikoki eta ikasgelako lanekin ikustea ondo dago, baina pausoa emateak eta benetako ‘arazo’ bati aplikatzeak bultzatu gintuen”, dio Aimar Martinek.

Lehiaketa 3 atal edo kategoriatan banatzen da, eta horietako bakoitzaren irabazleak 1.000 dolarreko diruzko sari bat jasotzen du. Lehiaketa hiru hilabetetan zehar egiten da –urtarrila, otsaila eta martxoa–, bakoitza hilabete desberdin batean. Hiru kategorietan puntuaziorik edo notarik onena lortzen duen taldeak irabazten du lehiaketa, bai eta 3.000 dolarreko saria edo Aveva barruan praktikak egiteko aukera ere.

Lehiaketa Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan egiten da. Europa mailan lortu dute garaipena, bada, unibertsitateko ikasleek kategorietako batean: Egoera egonkorreko simulaziorik onena. Poza, harridura eta sinesgaiztasuna sentitu zuten. “Ez genuen espero irabaztea, batez ere simulagailu aurreratuek nola funtzionatzen zuten ikusteko eta enpresek gaur egun proposatzen dituzten proiektuak nolakoak diren ikusteko egin genuelako proiektua”, azaldu du Aritz Fragak. “Hau irabazteak etorkizuneko beste proiektu batzuekin aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu”, gehitu du.

Hainbat aintzatespen

Konposatu bat (lehengai gisa), prozesuen simulagailu baten laguntzaz, produktu bihurtzeko prozesu kimiko industrial bat aurrez diseinatzeko proiektu baten inguruan garatzen da irakasgaia. 15 astez egiten da, eta haren bideragarritasun ekonomikoa ere ebaluatu da. Ikasleek Belbin metodologiarekin sortutako taldeetan lan egiten dute –taldeen errendimendua handitzeko teknika bat da hori–.

“Eva Epelderentzat eta niretzat (Asier Aranzabal), Prozesu Kimikoen Ingeniaritza irakasgaiko irakasle gisa, 2022ko sari hau eta 2021ean irakasgaiko beste bi ikaslek irabazi zuten bigarren postua ezarri dugun irakaskuntza metodologiaren arrakastaren erakusle dira. Metodologia horri jarraituz, proiektuak taldetan eginda ikasten da”, azaldu du Asier Aranzabal UPV/EHUko Prozesu Kimikoen Ingeniaritza irakasgaiko irakasleak.

“Evak eta biok ikusi dugu ikasleak motibatuago daudela. Gainera, positiboki baloratzen dute irakasgaiaren ikuspegi praktikoa, eta uste dugu funtsezkoa izan dela Aimarrek eta Aritzek lehiaketara aurkezteko urratsa emateko. Ikasleen parte hartzea eta arrakasta ikusita, esan dezakegu norabide onean goazela. Gainera, lehiaketak aukera eman die Graduko beste irakasgai batzuetako ikaskuntzetan integratzeko eta sakontzeko”, Aranzabalek azaldu duenez.