Gaur goizean aurkeztu dute Tolosako Berazubi zelaian Euskal Herria Kopa. Naroa Uriarte, datorren astean ebakuntza-gelatik pasatuko dena, Athletic Cluben ordezkaria izan da ekitaldi xume batean. Aurten, iaz bezala, txapelketa bi mailatan antolatu da hainbat klub euskaldunen artean eta lehoiek Realarekin neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekoetako batean.
Partida abuztuaren 28an, igandea, jokatuko da 16:00etatik aurrera (ETB) eta sarrerak laster erosi ahal izango dira txapelketa antolatzen duen EH Kirolaren webgunean. SD Eibarrek eta Deportivo Alavesek finalerako beste postua izango dute jokoan igande horretan bertan, hilaren 28an, Mintxetan (Elgoibar), 12:00etan.
Aurreko edizioan, Athletic Clubek 2-1 irabazi zion Deportivo Alavesi Astiko (Zarautz) finalean, denboraldiaurre ia perfektua itxiz. Zortzigarren EH Kopa izan zen zuri-gorrientzat, eta uda honetan donostiarrak kanporatu beharko dituzte lehendabizi, finalean arabarren edo armaginen aurka lehiatzeko. Sailkatzea lortuz gero, lehoiek final handia jokatuko lukete irailaren 4an Basozabalen, Sondikan.