Elgoibar, pertsona bat hil da kamioi bat AP-8tik N-634 errepidera erorita

0

Pertsona bat hil eta beste bat zauritu da gaur goizaldean, 02: 00etan, AP-8 autobidean, Elgoibarko lotunearen parean, Irunerako noranzkoan, izandako zirkulazio-istripu batean. Kamioi artikulatu bat galtzadatik atera da AP-8an, eta altuera batetik behera erori da, N-634 errepideraino. Errepide hau itxita dago bi noranzkoetan.

Istripua izan duen kamioian bi pertsona zihoazen, eta N-634 errepidean iraulitako ibilgailuan harrapatuta geratu dira. Ertzaintza, suhiltzaileak eta bi anbulantziako osasun-langileak bertaratu dira. Kamioiko bidaiariak erreskatatu ondoren, kopilotu zihoan pertsona hil dela egiaztatu du osasun-taldeak, eta gidaria, berriz, Donostia Ospitalera eraman dute.

05: 45ean N-634 errepidea itxita dago Elgoibar eta Maltzagako biribilgunearen artean, eta AP-8an errei bakarretik joan daiteke Irunerako noranzkoan. AP-8rako AP-1tik lotunea denez, bi autobideetako informazio-paneletan ere seinaleztatuta dago gertakaria.

Oraingoz, istripuaren biktimak ez daude identifikatuta. Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitatea istripu tragiko honen arrazoiak argitzeko lanean ari da. Eibarko ertzain-etxeko baliabideak seinaleztapen-lanetan ari dira eta zirkulazioa desbideratu dute N-634 errepidean, mozketaren gunean.