Antzeztutako opera Kursaalera itzuliko da

0

Antzeztutako opera abuztuaren 12an eta 14an itzuliko da Musika Hamabostaldiaren programaziora, bi urte egitarautik kanpo igaro ondoren, pandemia dela eta. Bel cantoko bi emanaldi esanguratsu izango dira, errepertorio honetako titulurik ezagun eta zailenetako batekin: Gaetano Donizetti konpositorearen La Fille du Régiment. Musikagile italiarraren ahots idazkerak proban jarriko ditu nazioarteko ospea duten bi abeslari donostiar gazte: Xabier Anduaga tenorra eta Elena Sancho-Pereg sopranoa. Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak, Lucas Macíasen zuzendaritzapean, Guilermo Amayak diseinatutako eszenaratzeari musika oinarria jarriko diote. Bi emanaldiak, Kursaal Auditorioan izango dira, 19:00etan hasita.

Guillermo Amayak proposatu duen La Fille du Régiment obraren ekoizpenak operaren hiru gako azpimarratzen ditu: lehenik eta behin, Cadizko eszena-zuzendariarentzat, oso komedia dibertigarria dela; bigarrenik, koruak funtsezko papera jokatzen duela bertan, beste pertsonaia baten rola hartuz (erregimentuarena); eta, azkenik, elkarrizketek ekintzaren garapenean duten garrantzia. Oinarri horietatik abiatuta, Amayak libretoa testuingurutik kanpo utzi eta XIX. mende hasierako Napoleonen Gerretatik urruntzen duen bertsio bat proposatu du, Euskal Herrira hurbiltzeko: alde batetik, elkarrizketak hurbildu nahi izan ditu, bertako hizkuntzetan emanda, euskaraz eta gaztelaniaz eta, bestetik, Tonio tiroldar mendizale gazte bat izatetik euskal mendizale gazte bat izatera igarotzen da. Bertsio originalean, frantsesez, emandako operaren zati kantatuak ere itzulita egongo dira, gainidatzietan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Amayak, gainera, pertsonaien arteko komikotasuna sustatuko duen ekintza eszeniko arin bat proposatu du, baita gerraren aurkakoa eta kritika soziala azaleratzen duena ere, baina funtsean maitasun-istorio bat dela ahaztu gabe. Izan ere, “maitasunak dena alda dezake, oztopoak gainditzera eraman gaitzake eta sustrai sakonak dituzten aurreiritziak buru motelenetatik erauzi ditzake” Amayaren hitzetan. Enrique Sanchok diseinatutako eszenografia agertokia modu iradokitzailean janzten duten erabilera anitzeko elementu arinez osatuta dago. Hamabostaldiko politika ekologikoa bete ahal izateko, baliatutako materialak birziklatuak, berrerabilgarriak edo birziklagarriak dira, oro har.

Musikari dagokionez, Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga lehen aldiz elkarrekin entzutea izango da bi emanaldi hauen erakargarri nagusietako bat. Donostiar sopranoak urteak daramatza etorkizun handiko nazioarteko ibilbidea egiten. Liriko-arinerako paperik adierazgarrienetako batzuk (Zerlina, Adina, Gilda, Olympia…) abestu ditu Europako antzoki nagusietan, eta Rhineko Operako izarretako bat da: 2014tik da konpainiako kide eta 2023ra arteko kontratua du haiekin. Alemaniako koliseo horretan, duela aste gutxi, Maitasunaren elixirra obrako Adina-ren rola jokatu zuen, donostiarra oso aditua baita Donizettiren musikan.

Xabier Anduagari dagokionez, zalantzarik gabe, nazioartean etorkizun handiena duen tenor gazteetako bat da. 2019ko Operalia lehiaketa irabazi zuenetik, bere arrakasta etengabe hazi da, eta dagoeneko bel cantoari eskainitako opera tenplu eta jaialdi esanguratsuenetan aritu da, hori baita ia esklusiboki lantzen duen errepertorioa. Hurrengo denboraldian, Napoleseko San Carlo Antzokian arituko da Bellini konpositorearen l Puritani obrarekin, Gran Teatre del Liceun debutatuko du Donizettiren Don Pasquale lanarekin, Madrilgo Errege Antzokira itzuliko da Belliniren La Sonnambula operarekin eta Estatu Batuetan ere egingo du debuta New Yorkeko Metropolitan Opera House ospetsuan, Donizettiren L’elisir d’amore ikuskizunarekin. Anduaga 2014an aritu zen lehen aldiz Musika Hamabostaldian, eta 2018an itzuli zen jaialdira, Mozarten Las Vesperæ solennes de confessore obran tenor bakarlariaren zatia abesteko, Budapest Festival Orchestrarekin batera. Baina bere unerik gogoratuena 2020ko abuztuan Euskadiko Orkestrarekin batera eskaini zuen kontzertua izan zen, Rossini, Donizetti eta zarzuela erromantzen abestiekin Kursaaleko ikusleak zutiaraziz.

Sancho-Pereg eta Anduagarekin batera, Musika Hamabostaldiak bertako talentuaren aldeko apustua egin du, abeslari zerrenda euskal eta espainiar kantariekin osatuz: Damián del Castillo (Sulpice), Anna Alàs i Jové (Birkenfeld-eko markesa), Paula Iragorri (Krankenthorp-eko dukesa), Juan Laborería (Hortensius), Darío Maya (kaboa), Luken Munguira (herritarra) eta Gerardo Quintana (notarioa).

Pandemia aurreko Musika Hamabostaldiko opera emanaldietan ohikoa zen bezala, emanaldiotan ere Euskadiko Orkestraren ardura izango da zulogunea. Euskadiko Orkestra funtsezkoa da Hamabostaldiaren historia hurbila ulertzeko, izan ere, 1982an sortu zenetik, jaialdiaren edizio guztietan parte hartu du. Behin baino gehiagotan, gainera, hirian oso maitatua den Easo Abesbatzak lagunduta. Azken hamarkadetan, Donostiako abesbatzak presentzia handia izan du jaialdiaren programazioan, bai 1940ko ahots baxuen formazio tradizionalean, bai 2006an sortutako ahots mistoen formatu berrienean. Haur eta gazteen kasuan ere, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza Hamabostaldiaren historia hurbileko une gogoangarrien protagonista izan dira.

Artista hauek guztiak Lucas Macíasek zuzenduko ditu, azken 20 urteetako oboe bakarlari garrantzitsuenetako bat bezala ezaguna dena mundu osoan. Musika Hamabostaldian, hala ere, zuzendari gisa debuta egingo du. Alderdi hori 2014tik ari da garatzen, eta, dagoeneko, orkestra entzutetsuak zuzendu ditu, hala nola Suediako Irratiko Sinfonikoa, Lausanneko Ganbera Orkestra, Staatskapelle Dresden, Parisko Orkestra edo Buenos Airesko Filarmonikoa. Horrez gain, konpromiso egonkorrak hartu ditu Espainiako bi orkestrarekin: Oviedo Filarmonia (2018tik) eta Orquesta Ciudad de Granada (2020tik), azken honetan zuzendari artistiko bezala.

Gaetano Donizettik (1797-1848) 70 opera baino gehiago idatzi zituen bere ibilbidean. Melodiarako dohain magistrala eta antzerkiaren zentzu zorrotza zituen, eta talentu horiei lanerako gaitasun handia gehitzen zitzaien, aste gutxi batzuetan opera berriak osatzeko aukera ematen ziona. Arrakasta bat bestearen atzetik erdietsi zuen, eta tragediak eta komediak landu zituen: azken horiengatik gogoratu izan dute bereziki konpositorea. Bere hiru komedia ezagunenen artean, bi italieraz dira (L’elisir d’ amore eta Don Pasquale) eta beste bat frantsesez: La fille du régiment, 1840an Parisen estreinatua eta opéra comique gisa idatzia.

Donizetti bere ibilbidearen gailurrean zegoen La Fille du Régiment estreinatu zuenean. Rossinik hamar urte lehenago utzi zion konposatzeari, Bellini bost urte lehenago hil zen, eta Verdi eta Wagner oraindik haien ibilbideen hasieran zeuden. Beraz, Donizetti izango zen ziurrenik garai hartako opera konpositorerik ezagunena. 1835ean bisitatu zuen lehen aldiz Paris, Rossinik gonbidatuta, baina 1837an lortu zuen hiriaren oniritzia, Lucia de Lammermoorren bertsio frantsesak lortu zuen arrakasta izugarriari esker. Donizetti laster bihurtu zen hiriburuko konpositorerik aktiboena, hiriko lau antzoki lirikoetarako konposatuz. La fille du régiment izan zen bere estreinaldi guztien artean garrantzitsuena, Opera Comique hain zuzen.

Donizettik saio ikusgarriak konposatu zituen La fille du régiment obrako pertsonaia nagusientzako: Marie (sopranoa) eta Tonio (tenorra), elkar maite dutenak, hain zuen. Mariek beti ditu inguruan bere “aita” sutsuak, Frantziako 21. Erregimentuko gizonak. Izan ere, haiekin hazitako neska gazte bat da. Tonio armadan sartuko da eta Marieren eskua erregutuko die gizonei, azkenean hauen onarpena jasoz. Orduan abestuko du Toniok bere “Ah, mes amis” aria famatua, non Donizettik tenor ahotsaren erregistroa azken mugaraino eraman zuen, ariak dituen bularreko zortzi do altuekin (nahiz eta tenorrek amaieran gehigarri bat gehitu ohi duten). Ahalegin ikaragarria eskatzen duen aria zail hori bihurtu da Xabier Anduagaren aurkezpen-gutuna, sarritan bere errezitaletan ematen baitu.