Jon Uriarte, Ernesto Valverde eta Iker Muniain, Athletic Clubeko gizonezkoen lehen taldeko presidentea, entrenatzailea eta kapitaina, elkarrekin agertu dira hedabideen aurrean taldearen kirol helburuak publikoki finkatzeko.
Helburua argia da: «Iazkoarekin alderatuta aurrerapausoa ematea eta Europan presente egotea. Guztiok dugun anbizio hori argi eta garbi utzi nahi dugu», argitu du Jon Uriartek. Era berean, Athletic Clubeko presidenteak inplikatutako alde guztiekin adostutako helburua dela gaineratu du: «Ez da Zuzendaritza Batzordeak inposatutako zerbait».
Uriartek aitortu duenez, «helburu zaila da, talde guztiek fitxaketa handiak egin dituzten liga lehiakor honetan». Gainera, guztion helburua dela azpimarratu du: «Ezin ditugu zaleak ahaztu. Inoiz baino gehiago bultzatu behar dugu, munduko onenank garela erakutsi. Hori ez da bakarrik estreinatuko dugun Animazio Harmailaren helburua, ziur hori egingo dutela, bazkide guztien eta gainerako athleticzaleen kontua da. San Mames bete behar dugu, eta ezin badugu egon karneta ezagunei utzi behar zaie edo Klubeko app ofizialaren bidez lagatu».
Sailkapen-asmoei dagokienez, Valverdek adierazi du helburu hori argi dagoela talde hau osatzen duten jokalari eta talde tekniko guztientzat: «Lehenengoak dira hori lortzeko dena emango dutenak».
Muniainek azpimarratu duenez, «helburu horretara denok batera goaz eta zale guztiei argi helarazi nahi diegu. Ez dugu lortu azken denboraldietan, baina gertu egon gara eta aurrerapauso hori eman nahi dugu orain. Denok konprometituta gaude eta gure jendea gurekin horrela egotea nahi dugu, baita une txarrak igarotzen ditugunean ere».