Zarauzko Udalaren adierazpena ziztadak direla eta

0

Azken egunotan eta bereziki jai eremuetan gertatutako ziztadak direla eta, Zarauzko Udaleko bozeramaile batzordeak honakoa adierazten du:

Lehenik eta behin, herritarrei lasaitasun mezua helarazi nahi diegu. Dauzkagun datuen arabera Euskadin salatutako kasuetan ziztada besterik ez da gertatu, ez da sumisio-kimiko kasurik gertatu. Dena den, ziztada bakoitza emakumeon kontrako indarkeria dela adierazi eta salatu nahi dugu.

•    Ziztada hauek emakumeenganako erasoak dira eta ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Emakumeen beldurra, mendekotasuna eta mugiezintasuna sustatzea dute helburu.

•    Ziztadak indarkeria matxistaren forma “berri” bat direla uste dugu.  Ziztada horien bidez, emakumeen askatasuna eta ongizatea baldintzatu eta mugatu nahi dira.

•    Berriz ere egiturazko arazo baten aurren gaude: helburua da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea eta zuzenean eragiten dieten mendekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzea.

•    Arazo hau guztiona da, gizon eta emakumeona, gizarte osokoa, eta guztion ardura da egoera honi aurre egitea, horregatik herritar guztion inplikazioa eskatu nahi dugu arazo honekin bukatzeko.

Udaran ere, bai jaietan eta bai egunerokotasunean, lasaitasunean bizitzeko eskubidea dugu emakumeok. Jaiak lasai disfrutatzeko aukera dira gizon zein emakumeontzat. Horretarako, datozen jai egunetan, Zarauzko Udalak bere esku dituen baliabide guztiak martxan jarriko ditu, segurtasuna areagotzeko dispositiboak indartuz, Malekoian puntu morea jarriz, etabar.

Zarautzen, 2022ko abuztuak 10
EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Podemos – Equo Berdeak Udal taldeak

 

Zer egin ziztada bat nabaritu ezkero

Gorputzeko edozein lekutan ziztada bat nabaritzen baduzu, esan berehala zure lagunei, kontatu zer gertatu zaizun eta zer sentitzen ari zaren, eta Osasun Zentrora joan eta deitu 112ra.

Ez joan leku bakarti batera, sentsazioa pasatzeko, eta saiatu norbaitekin egoten. Era berean, beste pertsona bati gertatzen bazaio, berarekin batera egon, ez utzi bakarrik eta Osasun Zentrora eraman eta 112ra deitu.