Getxon atxilotu dituzte beste gazte bati ustez eraso egin zioten gazteak

0
PRUEBA

Ertzaintzako agenteek 23 eta 24 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur, osteguna, goizaldean, lesio-delitu bat leporatuta, Getxoko parke batean beste gazte bati egindako erasoan ustez parte hartu izanagatik. Biktima ospitaleratuta geratu da, zauri larriak baitzituen.

 

Goizaldeko lauak baino lehentxeago, Getxoko udal-mugartean herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bati jakitera eman diote gizonezko bat zaurituta zegoela Algorta auzoan, Portu Zaharrean. Adierazi dutenez, beste bi gaztek eraso egin diote. Berehala agertu dira lekura agenteak, eta egiaztatu ahal izan dute eserleku batean zegoen gazte bat konortea erdi galduta zegoela, buruan zituen zaurietatik odola dariola zegoela eta arnasa hartzeko zailtasunak zituela. Lekura agertu diren osasun-baliabideek artatu dute biktima, eta Gurutzetako ospitalera eraman dute gero.

Polizia-dotazioak ustezko erasotzaileen bila hasi dira, eta Algortako Etorbide inguruan aurkitu dituzte bi pertsona. Biek odol-arrastoak zituzten arropetan, eta horietako batek, hiru behatz hartzen zizkion eta ukabil amerikarraren forma zuen metalezko eraztun bat zeramanak, lesio batzuk zituen. Zegozkion frogaketak egin ondoren, biak atxilotuta eraman dituzte polizia-egoitzara, beste gazte batekin borrokan aritu direla aitortu ondoren.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa argitzeko.