Euskadin 183 infekzio-kasu identifikatu dira tximino-baztangaren ondorioz

0

Euskadin joan den ostegunera arte, guztira, 183 infekzio-kasu identifikatu dira tximino-baztanga edo “monkeypox” ere deitutakoaren ondorioz. 137 Bizkaian identifikatu dira, 36 Gipuzkoan eta 10 Araban. 178 gizon eta 5 emakume dira, eta guztiek sintoma kliniko arinak izan dituzte, guztiei agindu zaie etxean isolatzeko eta Osakidetza jarraipen anbulatorioa egiten ari zaie.

Alde horretatik, Euskadi jada hasi da monkeypox kontrako txertoa jartzen, txertoen dosiak jaso zituenean eta Osasun Publikoaren Batzordeak tximinoaren baztangaren egungo agerraldian onartutako txertaketa-gomendioetan jasotako irizpideei jarraituz.

Orain arte, Osakidetzak 121 dosi jarri ditu, hau da, jasotako 141 dosien % 85, lurraldez lurralde, biztanleriaren eta kasu-kopuruaren arabera, honela banatuta:

– 81 dosi Bizkaian

– 26 dosi Gipuzkoan

– 14 dosi Araban

Gainerako dosi guztiak esleituta daude, Osasun Publikoaren Batzordeak ezarritako irizpideei jarraituz.

Gainera, txertoa jarri ahal izateko, pertsona hautagarrien kaptazio aktiboa egin da, eta Osakidetzatik harremanetan jarri dira MPX txertoa jartzeko txertoen batzordeak prestatu dituen eta Osasun Publikoaren Batzordeak onartu dituen gomendioetan jasotako irizpideak betetzen dituzten pertsonekin. Txerto gehiago jaso ahala, kaptazioarekin eta txertoa jartzeko hitzorduak ematen jarraituko da.

Detektatutako lehenengo kasuak Euskaditik kanpo aurkitutako agerraldiekin lotuta zeuden, baina, aurrekoetan gertatu zen bezala, baieztatutako kasu berriek ez dute lotura epidemiologikorik Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin, eta aurreko kasuen kontaktuak dira, edo azken aste hauetan identifikatutako kasuak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei infekzio hori prebenitzeko eta txertaketa sustatzeko deia egiten jarraitu nahi du. Alde horretatik, Osasun Sailaren webgunean azalpen-atal bat dago orain dela aste batzuetatik, monkeypox txertaketari buruzko informazio pedagogikoa eta kontaktuek edo gaixotasunarekin kutsatutakoek jarraitu beharreko jarraibideak biltzen dituena.

   Osasun Sailak informazioa ematen jarraituko du, orain arte egin duen bezala, berri aipagarriren bat dagoenean.