Ikasturte hasierako programazioa aurkeztu du Kresala Zineklubak

0
PRUEBA

Irailean programatuko dituen filmen berri eman du Donostiako Kresala Zineklubak. Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarrari eskainiko dioten zikloaren bi saio izango dira nagusi, prestatu duten hiru hitzorduko egitarauan.

Halako nostalgia edo tristura sentimendu orokortu batean murgildu ohi gaitu abuztuaren amaierak. Saia gaitezen, bada, txanponaren beste aldea ikusten: ikasturte berriaren hasierak udaran zehar etenda egon diren ekimen ugariren itzulera dakar harekin, zinema-programatzaile askoren eskaintza tarteko.

Hala, Donostiako Kresala Zineklubeko lagunak izan dira beren itzulera iragartzen lehenengotarikoak: “Abuztua amaitzear dago, baina ez zaitezte triste ipini. Gure saioak bueltan dira! Abuztuaren 30etik aurrera, Truebara itzuliko gara film, korto,… berriekin!”

Abuztuko azken asteartean berrekingo diote jardunari, eta Aki Kaurismaki zuzendariaren Varjoja Paratiisissa / Shadows in Paradise (1986) filma izango da ikusgai. Hain zuzen, hau izango da zinemagile finlandiarrari eskainiko dioten atzera begirakoaren lehendabiziko filma. Proletariat Trilogy delakoaren lehen atalak Nikander  zabor-kamioi gidariaren istorioa kontatuko du, zeinari bere lankidearen heriotzaren ondorioz, bizitza nabarmenki zailduko zaion.

Irailaren 13an, aldiz, Costa Brava, Lebanon (2013) film garaikidearen emanaldia egingo dute. Badritarrek Beirutetik ihes egingo dute beren utopia partikularra hiri handiaren kutsaduratik eta gatazkatik urrun eraikitzeko saiakeran. Baina kapitalismo globalari aurre egiteko oasi horretan aurkituko duten lasaitasuna mehatxatuko duten bi alderdiri aurre egin beharko diete: bizilekutik distantzia gutxira eraikitzen ari diren zabortegiko eraikuntza-lanen abiadura biziak eta familia egituran ematen ari diren arrakalak.

Azkenik, hilabeteari amaiera emateko (Zinemaldi egunetan ez dute emanaldirik egiten), Ariel (1988) ikusteko aukera eskainiko dute Truebako pantaila handian. Oraingoan, Aki Kaurismaki zuzendariak espetxe batera eramango du publikoa eta, bertan, Taisto aurkeztuko die. Bere amets bakarra, bizitza berri bat hastea da.