Zabaldantza, euskal dantzak nahi duzunean

0

Mulixka Dantza Taldeak eta Vital FundazioaZabaldantza jarri dute martxan, euskal dantzak edonondik eta bakoitzak aukeratzen duen erritmoan ikasteko aukera ematen duen plataforma. Bertan, 21 bideo-tutorial bildu dituzte, zailtasunaren eta dantzari-kopuruaren arabera, oso modu bisualean grabatu eta editatuak. Mulixka Dantza Taldeko Josu Sanchezekin hitz egin dugu proiektuari buruz gehiago jakiteko.

 

Zer da Zabaldantza?

Mulixka Dantza Taldearen eta Vital Fundazioaren elkarlanaren ondorioz, euskal dantzak modu erraz eta erakargarri batean ikasteko web-orria da Zabaldantza. Ordenagailu, tablet edo mugikor batetik, erabiltzaileak dantza-plazetan dantzatzen diren dantzak ikasi, birpasatu edo hobetzeko aukera izango du. Modu horretan, edozeinek ikasi edo birpasatu ahal izango ditu dantzak, etxetik, konfiantza hartuz eta praktikatuz, gero plazetan beste dantzari batzuekin batera dantzaz disfrutatzeko. Euskal dantzak nahi duzunean, nahi duzunarekin eta zauden lekuan zaudela.

 

Nola sortu zen proiektuaren ideia?

Proiektu hau aspalditik genuen pentsatuta eta diseinatuta, baina ez genuen ideia garatzeko baliabiderik. Egun batean, kasualitatez, Vital Fundazioari egitasmoa aurkeztu genion, eta behar genuen bultzada eman zigun Zabaldantza aurrera eramateko. Denbora luzez elkarlanean aritu eta gero, maiatzean aurkeztu genuen. Argi dugu Vital Fundazioarengatik izan ez balitz, ziurrenik gaur egun proiektu honek tiradera batean sartuta jarraituko zuela.

 

Zer eskaintzen du?

Zabaldantza.com-en sartuta, dohainik eta erregistratu gabe, 21 bideo-tutorial topatuko dituzu zailtasunaren eta dantzari-kopuruaren arabera sailkatuta. Era horretan, bakoitzak bere erritmora ikasi eta birpasatu dezake, norberaren beharren arabera.

 

Nori dago zuzenduta? Zer transmititu nahi duzue egitasmo honen bidez?

Profil desberdinetako jendeari zuzenduta dago, aurretiazko ezagutzarik ez duten pertsonei, zein dantzatzen jakin arren dantzaren bat birpasatu, gogoratu edo zalantzak argitu nahi dituztenei. Zabaldantzaren helburuetako bat honako hau da: erabiltzaileen dantza-maila edo adina edozein izanda ere, gizarte osoa euskal dantzetara hurbiltzea eta denei ikasteko erraztasunak ematea.

 

Nolakoa izan da edukiak mundu guztiarentzat ulergarri eta erabilgarri egiteko prozesua?

Prozesu luzea eta sakona izan da. Hasieratik argi genuen proiektua eraginkorra izateko metodologian eta bideoen edizioan jarri behar genituela esfortzu guztiak. Euskal dantzen irakaskuntzan esperientzia zabala dugu, eta hausnarketa sakona egin behar izan genuen gure metodologia propioa sortu arte.

Metodologia hori 3 bideo-tutorialetan oinarritzen da: Pausoz pauso (erabiltzaileari aukeratutako dantzaren pausoak bakarka eta astiro ikasteko aukera ematen dio), Praktikatu (dantzaren egitura azaldu eta aurreko bideoan ikasitako pausoak txertatzen ditu) eta Zu bakarrik (behin guztia barneratuta erabiltzailea bakarrik dantzatzeko gai izan beharko litzateke, nahiz eta dantza jarraitzeko lagungarri diren baliabideak eskura izan).

 

Zelakoa ari da izaten jendearen harrera?

Oso ona. Momentuz, zorionez, iritzi positiboak baino ez ditugu jaso. Horietatik ederrena «ikasten duenaren ikuspegitik eginda dago» izan da dudarik gabe, eta hori da genuen beste helburuetako bat, ikasi nahi duenarentzat benetan material erabilgarria eta eraginkorra izatea.

Web-orri bati buruz ari garenez, datu pila bat iristen zaizkigu egunero; zenbat bisita izan dituen, zein herrialdetik sartu diren, zein diren tutorial ikusienak, eta abar luze bat. Hiru hilabetean 10.000 bisita baino gehiago lortuta eta plataforma Euskal Herrian ez ezik beste hainbat lekutan ere (Europa, Argentina, AEB eta Kanada, besteak beste) erabiltzen dutela ikusita, oso pozik gaude.

 

Izango du jarraipenik? Pentsatu duzue edukiak gehitzen segitzea eta, agian, bideoez gain beste material batzuk ere eskuragarri jartzea?

Zabaldantza.com bizirik mantenduko den proiektua da, ez bakarrik interneteko materiala betirako ikusgai egongo delako, baizik eta tutorial eta dantza berriez hornitzen joango garelako. Momentuz 7 dantza daude ikusgai, eta irailetik aurrera dantza berriak zabaltzen joango gara. Horrela, musika zein soin-hezkuntza irakasleentzat, aisialdiko begiraleentzat edota Euskal Herritik kanpo bizi den edonorentzat, besteak beste, erreferente bilakatu daiteke.

 

Hitz egin dezagun Mulixka Dantza Taldearen ibilbideari buruz. Noiz sortu zen eta zer-nolako proiektuetan parte hartu du urte hauetan?

Mulixka Dantza Taldea nahiko gaztea da. 2017. urtean jaioa, hasieratik hainbat proiektutan murgilduta egon gara. Taldea sortu eta berehala estreinatu genuen gure lehenengo ikuskizuna, Lurra. Ardoa. Dantza.

2019an, Iñaki Perurenarekin batera, Harria izeneko gure bigarren ikuskizuna sortu genuen, eta iaz, 2021ean, gure hirugarren produkzioa, Olentzero.

Ikuskizun potolo horiez gain, beste hamaika proiektutan murgilduta egon gara: Idiazabal, Dantzatuz, Arabajazz, Euskal diaspora, Deportivo Alavesen urteurrena…

 

Eta aurrera begira, zertan ari da lanean Mulixka Dantza Taldea?

Etengabe gabiltza sortze-prozesuan, Euskal Herriko kulturari gure ekarpena egiteko eta ondare kulturala aberasteko asmoz. Etorkizunera begira, Harria ikuskizunaren birarekin jarraituko dugu momentuz, oraindik herri askori lan horretaz disfrutatzeko aukera emateko, gehienbat.

Gainerakoan, ezin dugu askoz gehiago aurreratu; proiektu asko ditugu martxan, eta laster emango dugu horien berri, baina, hori bai, 2023an Mulixka Dantza Taldeak ikuskizun berria izango du.