Bizkaiko Aldundiko Kontratazio Zentralak 6 urte bete ditu, 142 erakunde ditu atxikita eta 33 esparru-akordio esleitu ditu

0

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentralak sei urte bete ditu abian jarri zenetik, eta guztira 142 erakunde atxiki ditu, foralak zein tokikoak. Foru-erakundeaz gain zentral honetan parte hartzen dute lurraldeko foru-sektore publikoa osatzen duten 18 entitateek eta borondatez atxiki diren 124 toki-erakundek; horietatik 89 udalak dira eta gainerakoak tokiko sektore publikoa osatzen duten erakundeak, hala nola Mankomunitateak eta Partzuergoak.

2016ko uztailaren amaieran abian jarri zenetik Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak 33 esparru-akordio izapidetu ditu ondasun eta zerbitzuetarako. Atxikipenen arrakasta kontuan hartuta indarrean dauden esparru-akordioetatik eratorritako kontratuak, besteak beste, energia elektrikoa (70 atxikipen), gas naturala (58), posta-zerbitzuak (52), bulegoko materiala eta C gasolioa (26) hornitzeari dagozkionak dira.

Dena dela, Kontratazio Zentral Foralean beste ondasun eta zerbitzu batzuk ere kudeatzen dira: ibilgailuak eta pneumatikoak, fotokopiagailuak eta papera erostea, garbiketa-hornidurak, material elektrikoaren hornidura, ikus-entzunezko ekipoak, desfibriladoreak eta bulegoko altzariak, baita garbiketa, mantentze, mezularitza, telekomunikazio, taxi, garraio, zaintza, itzulpen, datuen babes, segurtasun, mantentze edo aseguruetako zerbitzuak ere.

Kontratazio koordinatu eta bateratu honek aukera ematen du atxikitako erakundeetako kontratazio-organoak eskaintzen analisitik eta baloraziotik eta ondorengo esleipenetik kanpo uzteko, kontratu-prozeduraren fase horiek Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak gauzatzen baititu. Horrela, lizitatutako 33 esparru-akordioei esker toki-erakundeek 681 lizitazio-prozedura ordeztu ahal izan dituzte. Balmaseda, Galdakao, Sondika eta Loiu dira esparru-akordioetan gehien parte hartzen duten toki-erakundeak, guztira 18, 17, 16 eta 15, hurrenez hurren.

Elixabete Etxanobek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, Kontratazio Zentralak bertan parte hartzen duten erakunde eta organismo guztiei ekartzen dizkien onurak nabarmendu ditu: Aurrezki ekonomikoekin, denbora aurrezteekin eta barne-kostuekin, burokrazia administratiboa murriztearekin, eta kontratazio publikoari dagokionez trazabilitatearekin eta gardentasun eta segurtasun gehiagorekin zerikusia duten onurak. Baina enpresa hornitzaileek ere, batez ere enpresa txiki eta ertainek, abantailak dituzte, prozesu bakar baten bidez erakunde gehiagora iristea lor dezaketelako, eta, horri esker, administrazio-kostuak murriztu ditzaketelako. Administrazioen arteko lankidetzaren eta kudeaketaren eraginkortasunaren adibide argia da, azpimarratu du.

Jatorria eta funtzionamendua

Bizkaiko Foru Aldundiak 2016ko uztailean sortu zuen Bizkaiko Kontratazio Zentral Forala. Zentralaren zabalkuntza bi fasetan banatu zen. Lehenengoan, 2016ko uztaila eta iraila bitartean, Foru Sektore Publikoa osatzen duten erakundeak atxiki ziren; eta 2016ko azaroaren 29tik aurrera Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralari atxikitzen hasi ziren Bizkaiko Lurralde Historikoko udalak eta haien mendeko erakunde instrumentalak, hau da, Mankomunitateak eta Partzuergoak.

Bizkaiko Lurralde Historikoko foru- eta toki-erakundeek, zentralean parte hartu nahi badute lehenik eta behin Kontratazio Zentral Foralari atxikitzeko hitzarmena sinatzen dute. Hitzarmen hori sinatu ondoren Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak izapidetuko dituen esparru-akordioetan parte har dezakete.

Horretarako, Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak atxikitako erakundeei jakinarazten die ondasun, obra edo zerbitzu bat eskuratzeko dagokion esparru-akordioa izapidetu nahi duela eta erakunde horiek prozesu horretan parte hartzeko interesa agertuko dute, Zentralak eskatzen dituen datuak emanez teknikariek kontratazioa arautzen duten agiriak egin ditzaten. Une horretan Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak bere gain hartzen du kontratazio-espedientea prestatzea, hastea eta izapidetzea dagokion esparru-akordioa esleitu eta formalizatu arte. Hortik aurrera atxikitako erakunde bakoitzak esparru-akordioan itundutako baldintzetan esleituko ditu bere kontratu eratorriak, eta une horretatik aurrera eta kontratu eratorri guztiak gauzatzen diren bitartean kontratazio-araudiak kontratazio-organoei esleitzen dizkien prerrogatiba guztiak izango ditu.

Klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuei buruzkoak

Bizkaiko Foru Aldundia 2017az geroztik lanean ari da foru-erakundearen eta foru-sektore publikoko gainerako erakundeen kontratazio-prozeduretan klausula sozialak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuei buruzkoak txertatzeko. Klausula horiei esker foru-erakundearen helburua da gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea, oinarrizko lan-eskubideekiko errespetua bermatzea, enpleguaren kalitatea sustatzea, ingurumena babestea edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra bultzatzea.

Klausula horiek esparru-akordioak arautzen dituzten agirietan sartzeak eragin biderkatzailea du nahitaez bete beharreko araudian horietan oinarritutako kontratu eratorri guztien betearazpenean. Izan ere, esparru-akordio baten pleguan jasotako klausula sozial bakoitzeko bere aplikagarritasuna modu esponentzialean biderkatzen da akordio horri atxikitako erakundeen kopuruarekin. Hala, 2021eko datuei erreparatuta, lizitatu ziren 8 esparru-akordioetan 83 klausula gehitu ziren alderdi sozialei, ingurumenari eta beste politika publiko batzuei lotutakoak, 253ra arte biderkatu zirenak, lizitazioek jaso zuten atxikipen-kopurua, alegia.

Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak, halaber, Zerbitzuen Gutun bat du 2019az geroztik eta bertan jasotzen dira erabiltzaileekiko hartzen dituen konpromisoak; konpromiso horiek betetzen diren jakiteko eta ebaluatzeko jarraipena eta ebaluazioa egiten da.