Mariano Biasin zinemagile argentinarrak zuzendutako Sublime filmak hamargarren Sebastiane Latino saria jasoko du, GEHITU Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak ematen duena. Sari-banaketa –Gehitu kolektiboak berak antolatua, 2022ko film latinoamerikarren artean sexu- eta genero-aniztasuna ondoen irudikatzen duen filma saritzeko– Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan egingo da.
Sublime ekoizpen argentinarra – Berlinaleko Generation 14plus sailean parte hartu zuena– Mariano Biasin (Buenos Aires, 1980) zuzendariaren lehen film luzea da. Aurten Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartuko duen filmak 16 urteko mutil bat du protagonista, Manuel. Manuelek baxua jotzen du musika-talde batean, eta Felipek –protagonistaren txikitako lagunak– ere jotzen du talde horretan. Manuel Azulekin ari da irteten, eta harreman bizia du neskarekin, baina egun batean zerbait gertatuko zaio Manueli eta Felipe beste modu batean ikusten hasiko da.
X. Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak honako hau erabaki du:
- Kolektiboaren borrokak egunerokoan lortu dituen aldaketak islatzen dituen film bat delako.
- Filmak maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digulako erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta. Eta, gainera, duela urte batzuk filmak amaiera erabat desberdina izango lukeelako.
- Élite telesaila denon ahotan dagoen garai honetan, gogorarazten digulako haztea beldurra sentitzean, bizitzari aurre egitean eta ausarta izatean datzala.
- Halaber, filmean dena horren era naturalean lantzen denez, azken hamar urteotan zenbat urrats eman ditugun ikus dezakegu.
IBEROAMERIKAKO LGTBIQA+ ZINEMA-JAIALDIEN TOPAKETA
Gainera, 2015etik, Gehituk eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa antolatzen laguntzen dute, industriako jarduerak gauzatzen diren egunetan. Sare-hausnarketarako eta -lanerako esparru bat eratzeko asmo argiarekin, topaketak bi helburu ditu: batetik, LGTBIQA+ eskubideen arloan ikus-entzunezkoen sektoreak dituen joerei eta erronkei buruz hausnartzea, mahai-inguruen eta kasu praktikoen azterketaren bidez; eta, bestetik, topaketa Zinemaldian industria akreditaziodunari irekitzea.
Jarduera horien arloan, irailaren 20an (asteartean) hainbat mahai-inguru egingo dira Latinoamerikako zinemak dituen erronkei buruz eztabaidatzeko, nola ekoizpenari dagokionez, hala banaketari gagozkiola, generoaz edo sexu-orientazioaz haraindi joan nahi duten eta, aniztasuna nabarmentzeko xedez, arreta kolektibo espezifikoagoetan jartzen ari diren filmen inguruan, dela bizi diren lurraldeari dagokionez, dela dagokien gizarte-klaseaz edo jatorri eta hizkuntzaz ari garela. Gainera, Donostia Zinemaldiaren edizio honetan hautatutako hainbat film baliagarriak dira maskulinitatea ikus-entzunezkoen bitartez esploratzeko.
Informazio gehiago: Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema-jaialdien topaketa.