RTVEk Carlos Saura eta Cesc Gay egileen azken lanak aurkeztuko ditu Donostia Zinemaldiko galetan

0
PRUEBA

RTVE Donostiara joango da Zinemaldian ikusiko diren estreinaldi handietako birekin: Carlos Saurak artearen munduari buruz egin duen eta hain luzarotik espero zen dokumentala, Las paredes hablan / The Walls Can Talk, eta Cesc Gayren komedia berria, Historias para no contar / Stories Not to Be Told. Gainera, RTVEren partaidetza duen zinemak presentzia handia izango du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan, Sail Ofizialean lau film izango baitira, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren film espainiar guztiak, hain zuzen: Jaime Rosalesen Girasoles silvestres, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Pilar Palomeroren La maternal eta Mikel Gurrearen Suro.

Carlos Saura eta Cesc Gay, RTVE Galetan

Irailaren 21ean (asteazkena) RTVEk emanaldi berezi batean aurkeztuko du, Kursaal 2an, Las paredes hablanCarlos Saurak artearen jatorriari eta horrek azken abangoardiako joerekin duen harremanari buruz sortu duen eta hain luzarotik espero zen film dokumental berria. Zinemagile aragoiar ospetsuaren ikuspegi pertsonal eta bereziaz, artearen eta hormaren baterako bilakaera eta horien arteko harremana erretratatzen du (hormak sorkuntza-mihise gisa): historiaurreko kobazuloetako lehen iraultza grafikoetatik abangoardia berrieneko hiri-adierazpenetaraino.

Irailaren 22an (osteguna) Victoria Eugenia Antzokian egingo den RTVEren Gala handian Cesc Gayren Historias para no contar lana nazio-mailan aurkeztuko da. Komedia koral dibertigarria, José Coronado, Nora Navas, Javier Rey, Verónica Echegui, Chino Darín, Anna Castillo, Antonio de la Torre, Maribel Verdú, Quim Gutiérrez, Alexandra Jiménez eta beste hainbat aktorek antzeztua. Komedia gisa kontatua, geure burua identifika dezakegu Gayren obra berrian; azaldu nahi ez ditugun istorioak dira, are ahaztu nahi genituzkeenak. Filma Torontoko Nazioarteko zinema jaialdiko (irailaren 8a-18a) Special Presentations atalean ere egongo da ikusgai.

RTVE: lau film Sail Ofizialean

Lau filmek –Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren film espainiar guztiek– RTVEren partaidetza izan dute: Jaime Rosalesen Girasoles silvestres maitasunezko istorio bat da, nork bere burua gainditzeari buruzkoa. Anna Castillo eta Oriol Pla dira protagonistak. Julia, bi haur dituen 22 urteko ama gazte bat, Óscarrekin maiteminduko da eta harreman korapilatsua hasiko dute biek. Urriaren 21ean estreinatuko da zinema-aretoetan.

Fernando Francoren La consagración de la primavera film berriak Emma Suárez, Valeria Sorolla eta Telmo Irureta ditu protagonista. Laura gaztea Madrilera etorri berri da eta ikastetxe nagusi batean kokatu da; unibertsitateko bizitzara egokitu nahian, bere segurtasun-gabeziei aurre egin beharko die. Irailaren 30etik aurrera egongo da ikusgai zinema-aretoetan.

Pilar Palomeroren (Las niñasLa maternal pelikula berria ere ikusiko da Donostian. Carla, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dagoen gazte bat, haurdun iritsiko da La Maternal abegi-zentrora. Han, ikasi egin beharko du beste nerabe batzuekin bizitzen eta ama izaten etorkizunari begira. Azaroaren 18an estreinatuko da zinema-aretoetan.

Mikel Gurrearen lehen film luzeak, Suro izenekoak, Sail Ofizialean izango den zinema espainiarraren hautaketa osatuko du. Lehen haurra laster jaioko zaiela, Elenak eta Ivánek hiria utzi eta basora joatea erabaki dute, Elenak heredatu duen kortxo-ustiategia berraktibatzeko. Egoera irregularrean den langile bat etxean hartzen dutenean, ikusiko dute zenbaterainokoak diren euren elkartasun eta tolerantzia.

RTVEren partaidetza duten filmak beste sail batzuetan

Zabaltegi-Tabakaleran Cerdita izango da ikusgai, Carlota Peredaren lehenengo film luzea; Sara Extremadurako herri batean bizi da eta, gainpisu-arazoak izateaz gain, “Cerdita” deitzea jasan behar du neskak egunero. Izen bereko film laburrarekin Goya saria irabazi zuen egileak, Sundance zinema independentearen jaialdi ospetsuan parte hartzeaz gain. Urriaren 14an estreinatuko da zinema-aretoetan.

Sail horretan aurkeztuko da, halaber, El agua, Elena López Riera film laburren zuzendari sarituaren debuta film luzean; Cannesko Quinzaine des Réalisateus atalean parte hartu ondoren etorriko zaigu filma Donostirara. Bárbara Lennie, Nieve de Medina eta Luna Pamies gaztea dira Espainiako hego-ekialdeko herri txiki bateko udan girotutako film horren protagonistak. Ekaitz batek, dirudienez, ibaia gainezkatu egingo du. Herriko sinesmen zahar baten arabera, zenbait emakume predestinatuta daude desagertzera uholde berri bakoitzarekin.

Eta Perlak sailean Rodrigo Sorogoyenen As bestas film berria –aurten Cannesko zinema-jaialdian ere erakutsi dena– izango da ikusgai. Galiziako landa-eremuan girotutako thriller honek bikote frantziar bat du protagonista. Hala, bi protagonista frantsesak udalerri txiki batean kokatuko dira frutak eta barazkiak saltzeko, eta abandonatutako etxeak zaharberritu eta nekazaritza-turismorako prestatzeko asmoa dute. Aktoreen artean Marina Foïs eta Denis Ménochet frantziarrak nabarmentzen dira, Luis Zahera eta Diego Anido aktoreez gain. Azaroaren 11n iritsiko da pelikula zinema-aretoetara.

Sail honetan Isaki Lacuestaren Un año, una noche ere ikusiko da, Berlinalen lehiatu zena. Maitasun istorio hunkigarria, nork bere burua gainditzeari buruzkoa, Nahuel Pérez Biscayart, Noémie Merlant, Quim Gutiérrez eta Alba Guilera antzezleak protagonista dituena. Hala, Bataclan aretoko atentatu tragikoa gertatu eta urtebetera, protagonisten zalantza etikoak, harreman pertsonalak eta traumak ezagutuko ditugu. Natalia de Molinak, Enric Auquerrek eta C. Tangana abeslariak osatzen dute aktoreen zerrenda. Urriaren 21ean estreinatuko da zinema-aretoetan.

En los márgenes filma ere Perlak sailean emango da. Juan Diego Bottok lehendabizikoz zuzendutako pelikula horrek Veneziako nazioarteko zinema-jaialdiko Orizzonti atalean ere hartuko du parte, Penélope Cruz eta Luis Tosar ditu protagonista, eta hiru pertsonaiak euren bizitzako une erabakigarrietan izandako istorio gurutzatuak kontatzen dizkigu. Irailaren 30ean estreinatuko da zinema-aretoetan.