Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Añanako alkate Juan Carlos Medinak Arabako udalerri horretan Next Generation funtsekin finantzatuta garatzen ari den proiektuan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte gaur. Espainiako Gobernuaren Berreskuratze Planari esker, Añanako proiektua Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko lehen Lurralde Planaren parte da.
Añana Euskadiko Lurralde Planaren lehen deialdian sartuta dauden Euskadiko 11 helmugetako bat da. Herriak 2 milioi euro jaso ditu, eta zenbateko hori Añanako Gatz Haranaren ingurunea eta herriarekiko konexioa hobetzeko eta modernizazioa eta digitalizazioa sustatzeko egin beharreko turismo-ekimenetara bideratuko da.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azpimarratu duenez, Sailak Euskadiko baliabide turistikoen balioa agerian jartzen jarraitzeko apustua egin du. Baliabide horien artean, ezagunenez edo hiriburuetan daudenez bestelakoak bultzatu behar dira, beste proposamen batzuk eta gure turismo-eskaintzaren aniztasuna ezagutzeko aukera gisa. “Ekainean falta ziren azken datuekin egiazta dezakegunez, lehen 6 hilabeteetan turismoak % 4,2ko igoera izan du 2019ko lehen 6 hilabeteekin alderatuta. Gainera, oso garrantzitsua izan da nazioarteko turismoaren igoera (% 3,9koa), pandemiak gehien kaltetu duena izan baita. Eta, zehazkiago, Arabako datuak 2019koekin parekatu dira, eta igoera txiki bat izan da ostatu-gauetan”.
Sailburuak azpimarratu du oso albiste onak direla sektorearentzat. Aipatu duenez, sektoreak “gorriak ikusi ditu, baina udarako genituen aurreikuspenak oso datu onekin berresten ari dira. Añanako proiektua eta antzeko ekintzak lagungarriak izango dira, zalantzarik gabe, turismoa turismo-jasangarritasuneko estrategia baten aldeko apustuaren barruan bultzatzen jarraitzeko”.
Añanako Gatz Haranerako proiektuan, honako ekintza hauek egingo dira, besteak beste: ingurumena leheneratzea eta inguruko ibilbideak egokitzea; ibilgarritasuna eta hiri-konexioa hobetzea; Gesaltza Añanako harresiak baliabide turistiko gisa sustatzea; eta errealitate birtualeko esperientziak edo entzute aktiboko plataforma bat garatzea.
Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko Plana 3 deialditan gauzatuko da 2023. urtera arte, eta 67 milioi euroko zuzkidura izango du guztira. Turismora bideratutako Next Generation funtsak Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruko Turismo-sektorearen modernizazio- eta lehiakortasun-planean edo 14. osagaian aurreikusitako inbertsiorik garrantzitsuenaren parte dira. Adierazitako Planak 3.400 milioi euroko zuzkidura du turismoaren sektorera bideratutako zuzeneko eta berariazko inbertsioak egiteko.