Donostiako alkateak hiritarrei dei egin die, amaiera arte giro onez, gogotsu eta umoretsu jaiekin disfrutatzen jarraitzeko
Aste Nagusiak bere erdibidera iritsi da eta osasun-larrialdiaren aurreko ohiturak berreskuratuz, Donostiako Udalak jaiak posible egiten dituzten pertsona, erakunde eta elkarteei esker ona adierazteko hamaiketakoa ospatu du gaur.
Donostiako alkate Eneko Goiak Aste Nagusiaren lehen erdiaren balantzea egiteko baliatu du unea: “Donostiarrok gogo handiak genituen Aste Nagusiaz gozatzeko, eta hori kalean ikusi dugu lehen egun hauetan”. Ildo beretik, honakoa azpimarratu du: “Momentuz, pozik egoteko moduko Aste Nagusia izaten ari da. Inoiz baino parte hartze handiagoa izaten ari da programatutako ekitaldi zein jarduera guztietan”.
Era berean, Goiak lehen egunetan izandako hainbat gertaerak gogoratu ditu, eta segidakoa esan du: “Lehen egunetan gure artean ikusi nahi ez ditugun hainbat jarrera eta gertaeren berri izan genuen. Aukera hau baliatu nahiko nuke berriro ere Udalaren gaitzespenik irmoena adierazteko, eta espero dut geratzen diren egunetan jaiak itxusten dituzten gertaera gehiago ez egotea”.
Halaber, Donostiako alkateak hiritarrei dei egin die, Aste Nasgusiaren amaiera arte giro onez, gogotsu eta umoretsu jaiekin disfrutatzen jarraitzeko.