Euskara Sariaren bidez, Bilbon eta Euskal Herri osoan euskararen alde hainbat eta hainbat taldek eta lagunek egindako lana txalotu eta hauspotu nahi du Hau Pittu Hau Konpartsak, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusian. Pandemiak behartuta, 2020az geroztik ez dute errekonozimendurik esleitu, baina aurten berreskuratu egingo dutela jakinarazi dute. Hala, UEMAk, Berrian egunkariak, UEUk edota Hamaika TBk osatutako zerrendara Pantailak Euskaraz ekimena batuko zaie.
Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia eskasarekin arduratuta dauden hainbat herri ekimenen elkarketatik sortu zuten Pantailak Euskaraz mugimendua iragan udaberrian, eta sei dira honen atzean dauden proiektuak: Streaming plataformetan euskara sustatzeko helburuz sortutako Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenak, 25 urtez aretoetan euskarazko filmak eskaintzen aritu den Tinko Euskara Elkartea, bikoiztaileen murrizketei aurre egiteko orain hiru urte sortutako BIEUSE elkartea, zinemetan euskarazko edukiak bultzatzeko Zinemak Euskaraz kanpaina eta bideo-jokoen munduan euskara indartzea helburu duen Game Erauntsia mugimendua.
Bada, Hau Pittu Hau Konpartsak Pantailak Euskaraz mugimenduaren ardurekin bat egiten duela azaldu du ohar bidez, eta “erakunde publikoen utzikeria eta borondate falta” salatuz. Saria, abuztuaren 25ean emango diote ekimeneko ordezkariei. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Euskal Gunean, konpartsak Bilboko Aste Nagusian txosna jarri ohi duen tokian, alegia.
Hauek dira manifestuari atxikimendua eman dioten eragileak: AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea, BERTSOZALE ELKARTEA, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, BILBOKO KAFE ANTZOKIA, DISNEY + EUSKARAZ ekimena, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, ENE KANTAK taldea, EUSKAL ENCODINGS ekimena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, EUSKAL KONFEDERAZIOA, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, GAME ERAUNTSIA elkartea, HEKIMEN euskal hedabideen elkartea, IBAIA ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea, IKASTOLEN ELKARTEA, IZARKOM Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa, KANTU KOLORE taldea, KATXIPORRETA elkartea, Euskalgintzaren KONTSEILUA, KRISTAU ESKOLA, LANARTEA euskararen langile profesionalen elkartea, NAPAR ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra, NETFLIX EUSKARAZ ekimena, SORTZEN eskola publiko berriaren aldeko elkartea, TINKO EUSKARA elkartea, Euskaltzaleen TOPAGUNEA, 3000TWITZ ekimena, UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, ZINEA.EUS ataria, ZINEMAK EUSKARAZ ekimena eta ZUKUGAILUA elkartea.