Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretak gaur Radio Euskadiko Boulevard saioan adierazi duenez, Irungo mugan emandako migrazio-fluxuen kudeaketak dakarren zailtasunik handiena ez da horretarako gaitutako baliabideak hartzeko eta artatzeko gaitasunean, baizik eta “mugan Frantziako poliziak egiten dituen kontrol selektibo eta arrazistetan; izan ere, horiek muga zeharkatu nahi duten pertsonek bide ez hain seguruak erabiltzea, beren bizitzak gehiago arriskatzea eta, batzuetan, saiakeran hiltzea eragiten dute. Drama honen ondorioz negozioa egiten duten mafiak sustatzeaz gain”.
Legarretak nabarmendu du 2018az geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioekin eta Hirugarren Sektoreko erakundeekin batera (Gurutze Gorria, Zehar-Errefuxiatuekin, SOS Arrazakeria edo Munduko Medikuak) sortu den “lanerako eta lankidetzarako espazioa”, iragaitzazko migratzaileei erantzun “egokia eta duina” emango dieten kontingentzia-planak abian jartzeko. Adierazi duen bezala, migrazio-politiken eskumena oraindik erabatekoa ez bada ere, iragaitzazko migratzaileak hartzeko eta artatzeko Eusko Jaurlaritzak prestatutako baliabideek 4.500 erabiltzaile inguru izan dituzte abuztura arte.
Xabier Legarretak berretsi du “Euskal Autonomia Erkidegoan inor ez dagoela soberan”, eta adierazi du aniztasun kulturala ondoen kudeatzen jakin duten gizarteak, bai maila administratiboan bai sozialean, oparoenen artean daudela. Migrazio-fenomenoa, esan duenez, ez da koiunturala, baizik eta “egiturazkoa eta beharrezkoa ongizate-sistemari eusteko”. Ildo horretan, argudiatu du beharrezkoa dela hasitako erreformek arreta lan-merkatuaren beharretan jartzeaz gain, biztanleria migratzailearen lan- eta gizarte-integrazio erabatekoa zailtzen duten “arau-oztopoetan” ere jartzea.
Ukrainan gertatutako inbasio errusiarraren ondorioz, desplazatutako pertsonei dagokienez, Legarretak esan du uztailaren amaierara arte 3.500 pertsonak eskatu eta izapidetu dutela nazioarteko babes-eskaria EAEko polizia-etxeetan; 2.700 pertsonak dutela jada osasun-txartela, eta 780 pertsona eskolatu dituztela hezkuntza-sisteman.
Gertakari edo gorroto-delituak gero eta gehiago gertatzen ari direla galdetuta, Migrazio eta Asiloko zuzendariak gaitzetsi egin ditu “Europa osoan zabaltzen ari diren diskurtso xenofobo, arrazista eta populistak. Testuinguru horretan, balioa eman nahi izan dio “gero eta aniztasun handiagoa duen gizarte batek eskaintzen duen alderdi positiboari”, eta “sentsibilizazio- eta argudiatze-lan” bat egitearen aldeko apustua egin du, berak adierazi duenez “arduratzen eta kezkatzen gaituen” gai baten inguruan.