Ekonomia Sustatzeko Sailak enpresen 226 eskaera lagundu ditu aurten berrikuntza eta nazioartekotzea proiektuen bidez bere lehiakortasuna sustatzeko. Hori ondorioztatu da Ekonomia Sustatzeko Sailak egindako lehenengo balantzetik, dagoeneko ebatzi diren eskaeren lehenengo programak aintzat hartuta. Zehazki, 3i, 2i, elkarlanean, nazioartekotzea, nazioartekotzeko partzuergoak eta teknologia transferentzia programak 215 enpresaren eta erakunderen proiektuak laguntzeko balio izan dute, guztira, 64,5 milioi euro izan dira. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak, guztira, dirulaguntzaren 12.970.215 euro inbertitu ditu, hau da, lagundutako enpresa bakoitzari 60.327 euroko dirulaguntza eman zaio, batez beste.
Ziurgabetasuna gure artean izango dugun elementua da, baina horrek ez gaitu gure helburutik aldenduko: Bizkaiko zerbitzu aurreratuak eta industriako ETEetan berrikuntza sustatuko dugu, hazteko eta lehiakortasuna hobetzeko palanka gisa. Eskuragarri ditugun ekonomia eta giza baliabide guztiak emango ditugu erronka horri aurre egiteko, enpresa eraldaketa bizkortzeko eta lurraldearen etorkizunaren ongizatea bermatzeko. Zailtasunak gorabehera, Bizkaiko erakunde gehienek bere inbertsio proiektuak eusten dituzte, eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute
zehaztu du Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatu Ainara Basurkok.
27 milioi euro dirulaguntzetan
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak aurrekontuko 27.650.000 euro bideratu ditu 2022an itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetara, enpresentzako eta ekintzaileentzako. Guztira, dirulaguntzen 19 programak 4 arlotan banatzen dira. Bizkaia eta lurraldeko ekonomia eta enpresa sareak garatzen jarraitzeko lehiakortasun palankak eta ardatz estrategikoak dira: ekintzailetza, berrikuntza, nazioartekotzea eta talentua.
EKINTZAILETZAri laguntzeko sei programa espezifiko ere badaude, eta horiek, guztira, 4,6 milioi euroko inbertsioa ekarriko duten. Hau da, 2021. urtean baino 500.000 euro gehiago. Programak startup bat sortzeko etapa guztietara zuzentzen dira.
- Ekintzailetzaren ekosistema dinamizatzea.
- Enpresa proiektua bideratzea.
- Enpresa proiektua abiaraztea.
- Enpresa proiektuak bizkortzea.
- Bizkaia sortzailea.
- Ekintzailetza eta Gizarte berrikuntza.
Bigarren ardatza Bizkaiko industriako eta zerbitzu aurreratuetako ETEetan BERRIKUNTZA bultzatzea da, hazteko eta lehiakortasuna hobetzeko palanka gisa. Guztira, enpresentzako 7 programa dira, beste bat zentro zientifiko-teknologikoentzako eta bestea sektoreko bitarteko eragileentzako. Guztira, 9 programa dira, eta guztira 19.650.000 euro dira dirulaguntzetan.
- 3i, Bizkaian berrikuntza, inbertsioa eta nazioartekotzea osorik sustatzeko programa.
- 2i, Bizkaian berrikuntza eta inbertsioa sustatzeko programa.
- 2f. Finantza gastuak.
- Trantsizio digitala eta berdea.
- Elkarlanean.
- Elkarlanean bitarteko eragileentzako.
- Azterketa teknologikoak.
- Kudeabide.
- Teknologia transferentzia.
Hirugarren ardatza NAZIOARTEKOTZEA da. Bi programa izango ditu, guztira 2,2 milioi eurorekin, enpresei merkatu berriak bilatzen laguntzeko, banaka edo partzuergo bat: Nazioartekotzea eta nazioarteko partzuergoak.
TALENTUAren eremuan, aurreko ekitaldian abian jarritako programari eutsiko zaio, profesional kualifikatuak eta esperientzia profesional handikoak erakartzea sustatzeko. Programak 800.000 euroko zuzkidura du. Joseba Mariezkurrenak gogoratu duen bezala, punta-puntako unibertsitateetan prestatzeko bekei ere eutsiko zaie; sailak 400.000 euro bideratuko ditu beka horietara.
- Talentua erakartzea.
- Bikaintasuneko prestakuntzarako bekak.