Europako Zinemaren Sarietarako hautagaia da ‘Maixabel’

0

Icíar Bollainek zuzendutako eta euskal parte hartzea duen filma bost kategoriatan da hautagai: film onenarenean, zuzendari onenarenean, gidoi onenarenean, gizonezko aktore onenarenean eta emakumezko aktore onenarenean. Behin betiko zerrenda azaroaren 8an jakinaraziko dute, eta sariketa gala abenduaren 10ean izango da.

69. Donostia Zinemaldiaren sail ofizialean parte hartu, eta euskal film onenaren Irizar saria lortu zuen Maixabel-ek, eta ordutik, arrakastaz betetako ibilbidea izan du. Forqué eta Feroz sarietan protagonista izan zen, nazioarteko zinema jaialdietan harrera ona izan du, eta Espainiako Zinemaren Akademiak hiru Goya sarirekin aitortu du iragan otsailean.

Kowalski Films eta FeelGood ekoiztetxeen arteko ekoizpenak azken urratsa du aurrez aurre. Europako Zinemaren Akademiak datorren abenduaren 10ean Reykjaviken (Islandia) ospatuko duten galan banatuko dituen sarietarako zerrenda argitaratu du, eta Bollaínek zuzendutako filmak bost hautagaitza lortu ditu: film onenarena, zuzendari onenarena, gidoi onenarena (Bollain eta isa Campo), gizonezko aktore onena (Luis Tosar) eta emakumezko aktore onenarena (Blanca Portillo).

Guztira, 30 filmek osatzen dute behin-behineko zerrenda (irailean beste 10-15 film gehituko dituztela iragarri dute), eta Akademiako 4.400 kidek izango dute horien artean kategoria bakoizteko finalistak aukeratzeko eskumena. Behin betiko zerrenda azaroaren 8an ezagutaraziko dute.

Maixabel Lasa protagonista

2000 urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jauregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarra hil zuten gizonetako elkarrizketa bat izateko eskaera egin zion, Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari deneko kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak eten ostean. Zalantzak zalantza eta atsekabea handia izan arren, Maixabel Lasak onartu egin zuen 16 urte zituenetik bere bikote izandakoa hil zuten pertsonekin hitzordua egitea. “Mundu guztiak merezi du beste aukera bat”, erantzun ohi du emakumeak bere senarra hil zuen gizonarekin hitz egitearen erabakia zergatik hartu zuen galderari.