Antzerkia Aste Nagusiaren atarian

0
EITB

Musikalak, kabareta, satira, komedia eta drama nagusi izango dira datozen egun eta asteetan Bizkaiko hiriburuko agertokietan.

Bilbo bete-betean murgilduko da larunbat honetan Aste Nagusian, publiko guztien gustuak beteko dituzten 500 jarduera baino gehiagorekin. Baina badira atariko gisa gozatzeko jarduera ugari, antzezlan eskaintza zabala, besteak beste.

Zorioneko dozenaka lagunek Aste Nagusiko lehen antzerki-mokaduetako bat dastatu ahal izan zuten ostegunean, La jaula de las locas musika-ikuskizun handiaren Arriagako aurrestreinaldian, Parisen 1973an estreinatutako Jean Poireten La Cage aux folles arrakastatsura egindako egokitzapena da. Nostromo Livek ekoitzia, Angel Llàcer eta Manu Guix ditu zuzendari eta Miryam Beneditedenak dira koreografiak; musikaz eta umorez betetako 140 minutuko emanaldia, 24 artista eta zuzenean jotzen duten 8 musikariren eskutik, Angel Llàcer eta Ivan Labanda protagonista direla. Egunero eskainiko dituzte emanaldiak (bikoitzak zenbait egunetan) datorren igandetik irailaren 11ra arte (abuztuaren 29an eta irailaren 5ean izan ezik).

Bea Insak eta Angel Mirouk zuzendutako La Pacheca Collective-ren Tarán tran transición Aste Nagusiari ere aurrea hartu dio. Bertan, Bea Insak berak modu kritikoan, umoretik eta absurdotik, diktaduratik Espainiako demokraziarako trantsizioa errepasatzen du 60 minutuko emanaldian, abuztuaren 19tik 23ra bitartean, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan.

Campos Eliseoseko oholtza nagusira igoko da larunbatean Lola Herrera, Ana Labordeta eta Lola Baldrichekin batera, Adictos aurkeztera, pantailekiko eta teknologiarekiko menpekotasunari edo informazio saturazioari buruzko hausnarketa indartsua. Hirukotea 19:00etan igoko da agertokira, arratsaldero, abuztuaren 25era arte.

Euskaldunako Auditoriuma kabaret bihurtuko da gaur arratsaldetik irailaren 11ra arte, LETSGO konpainiak The Hole X ikuskizunarekin, sagari hasiera eman zion The Hole jatorrizko ikuskizunaren hamargarren urteurrena ospatzeko.