Udako azken saioa eskainiko du Ozzinema Zineklubak

0
zinea.eus

Jonathan Lynnek zuzendutako Clue (1985) filma pantailaratuko dute bihar, abuztuak 23, Errenteriako Niessen Kulturuneko zinema aretoan. Saio interaktiboa izango da, eta ikus-entzuleek izango dute filmaren bukaera erabakitzeko aukera. Filma jatorrizko bertsioan emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin.

Izen bereko mahai-jokoan oinarrituta, bukaera bakarra ez duen filma da Clue. Izan ere, hiru amaiera ezberdinekin estreinatu zuen Lynnek bere sorkuntza, 1985ean, eta abuztuaren 23ko saiora gerturatzen direnek beraien arteaneztabaidatu beharko dute bat edo beste erabakitzeko.  Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, sorpresa gehiago izango dira uda garairako atondu duten egitarauari itxiera emateko.

1954an, isolatutako viktoria landetxe handi batean afaltzeko asmoz elkartuko dira hainbat gizon-emakume, ezezagun batek gonbidatuta. Denek dute iraganeko sekreturen bat isilpean gordeta, baina xantaia egingo die Boddy jaunak. Argindarra joan, eta itzultzean, erailda agertuko da Boddy, eta denen artean hura nork hil duen aurkitu beharko dute.

Bada, filmeko pertsonaiek bezala, Errenteriako Niessen Kultureno zinema aretora gerturatuko direnek ere lanak izango dituzte hiltzailea nor den asmatzeko. Beraiei dagokie misterioa argitzea, istorioa nola bukatu aukeratzea.

19:30ean hasiko dute emanaldia, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta Interneten eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.