ZINEBI Networking 2022 deialdia zabaldu du jaialdi bilbotarrak

0
zinea.eus
PRUEBA

Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta ETBrekin, Zineuskadirekin, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin eta ICAArekin lankidetzan, bosgarrenez antolatuko dute, aurten, zinema dokumentaleko foro profesionala. Izen-emateak irailaren 29ra arte gauzatu ahal izango dira.

ZINEBI Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 14tik 18ra bitartean gauzatuko du ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroa. Festibalaren 64. ekitaldiaren testuinguruan, beren proiektu dokumentalak arrakastaz garatzeko moduari buruzko aholkuak ematen dizkieten profesionalekin eta adituekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko dute, bosgarrenez. Parte hartu nahi duten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea irailaren 29ra arte egongo da zabalik.

Foro profesionala baliatuz, jaialdi bilbotarrak ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi du Bilbon, Bizkaian eta EAEn. Aurten, gainera, eremua zabaldu eta Espainiako Estatuko proiektuak ere hartuko dituzte. Industriari eskainitako jardunaldien barruan, zinema dokumental sortzaile eta independenteko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzea da helburua, baita euskal produkzioaren eta nazioarteko produkzioaren arteko sinergiak ezartzea ere.

Deialdira aurkeztuko diren proposamenetatik –garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen-fasean egon beharko dute–, sektoreko profesionalek eta adituek osatutako hautaketa-batzorde batek aukeratuko ditu, ZINEBIko zuzendaritzarekin batera, foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek proiektu bakoitzaren ideia, proposamen estetikoa, bideragarritasuna eta produkzio-aukerak baloratuko ditu.

Bada, hautatutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute jendaurrean aurkeztu aurretik (sektoreko profesional batek bermatuko du hitzordu hau), nazioarteko epaimahaiko kide izango diren profesionalen aurrean egingo den pitching-saio batean. Halaber, ondoren, aholkularitza-bilera pertsonalak egingo dira produktoreen eta parte-hartzaileen artean.

Sariak

Epaimahaiak azaroaren 18an Arriaga Antzokian ospatuko den jaialdiaren itxiera galan emango ditu sariak. Euskal Autonomia Erkidegoko lan onenak, 10.000 euroko saria eta aholkularitza profesionala jasoko du ikus-entzunezko proiektua gorpuztu dadin. Bestalde, EAEtik kanpo ekoiztutako proiektu onenak ere 10.000 euro lortuko ditu.

Ikusi oinarriak, hemen. Aldiz, izena eman nahi baduzu, ikusi formularioa hemen.