281.000€, Nafarroako zinema-aretoen modernizazio eta digitalizazioa sustatzeko

0
zinea.eus

Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Departamentuak Next Generation EU funts europarretatik eratorritako 281.622,36€-ko diru-poltsa bideratuko du tokiko ikus-entzunezko sektorea modernizatzen eta digitalizatzen laguntzeko. Zehazki, Nafarroan dauden zinema-aretoetako titularrak izango dira hartzaile.

Ekimen honen helburua berrikuntza sustatzea izango da, oro har, funtzionamendu digitalizatu eta jasangarriko proiektuetan inbertsioak ordaintzea da. Publikoak sortzea eta fidelizatzea, eta ikus-entzunezko kontsumo-ohitura berrietara egokitu daitezen bultzatzea. Zehaztu dute 2021eko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin beharko direla diruz lagundutako aldaketak.

Bada, laguntzarik jaso nahi duten aretoek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Zinematografia Enpresen Administrazio Erregistroan izena emanda egon beharko dute deialdi hau argitaratu aurretik. Era berean, inbertsioek kontuan hartu beharko dituzte zenbait alderdi, hala nola, eraikinen eraginkortasun energetikoa, klima-aldaketara egokitzea… Halaber, zarata, hautsa eta isuri kutsatzaileak murrizteko neurriak egokitu beharko dituzte, obra egiten den bitartean ere bai, eta uraren kalitatea eta baliabide hidrikoak babestearekin lotutako ingurumen-degradazioko arriskuei heldu beharko diete, besteak beste.

Zinema-aretoen edo zinema-konplexuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke onuradunak. Bide horretan zehaztu dute aretotzat hartzen direla prezio edo kontraprestazio bidez publikoari irekitako zinema-aretoak, eta baita zinema-konplexuak ere, bi erakusketa-pantaila edo gehiago dituzten eta pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunarekin ustiatzen den lokalak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ez du onuradun izaera lortuko, baina nortasun juridiko propioa duten fundazio edo haren mendeko erakunde publikoek, ordea, bai.

Bi urteko laguntza

Laguntzak bi urtetan emango dira, 2022an eta 2023an, eta 97.650 eta 183.973 euroko bi partidatan banatuko dira, hurrenez hurren. Proiektuek lortutako puntuazioaren arabera emango dira, eta eskainitako gehieneko zenbatekoa exibizio-pantailen kopuruaren araberakoa izango da. Nolanahi ere, emandako zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80.

Finantzatu daitezkeen gastuak hiru ataletan banatzen dira: erakustaretoen jardueran teknologia berriak digitalizatzea eta aplikatzea; garapen jasangarriko eta ingurumen-inpaktu positiboko neurriak hartzea; eta publikoak eta berrikuntza fidelizatzea eta erakartzea Europako eta Espainiako hizkuntza ofizialetako ekoizpenen programazioan eta zirkulazioan.

Era berean, ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko honako hauek: alokairua, telefonoa, langile-gastuak, aldizkako inbertsioak, kapital-kostuak, filmak erakutsi eta sustatzeko ez diren ekitaldiak antolatzera bideratutakoak eta lehendik dauden finantzaketa-akordioek estalitako jardueretatik eratorritakoak.

Eskabideen aurkezpena

Eskaerak irailaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira. Pertsona juridikoen kasuan, nahitaez bide telematikotik aurkeztuko beharko dira (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez), eta hori identifikatzeko ziurtagiri digitala edo gako prozedura behar da.

Pertsona fisikoen kasuan, aldiz, ahal dela lehentasuna emango zaio bide telematikotik aurkezteari, baina aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira ere: Iruñeko Nabarreria kaleko 39. zenbakian dagoen erregistro-bulegoan, edo indarrean dagoen legedian aurreikusitako edozein bitartekoren bidez.

Halaber, zehaztu dute eskatzaile bat zinema-areto eta/edo -konplexu baten baino gehiagoren titularra bada, laguntza-eskaera bat aurkeztu beharko du areto eta/edo konplexu bakoitzeko. Erakusketa aretoen titularren elkarteei dagokionez, eskaera bateratua egin ahal izango dute Nafarroako lokal guztietarako. Hala ere, zinema-areto eta/edo -konplexu bakoitzari dagozkion datuak eta gastuak banakatu beharko dira, baita horietako bakoitzerako eskatutako laguntza ere, duten pantaila-kopuruaren arabera.