Abuztuaren 31ko ospakizunen baitan estreinatuko dute ‘Sutan’ film laburra

0
zinea.eus

Abuztuaren 31ko oroitzapen ekitaldien baitan egingo dute Sutan film laburraren estreinaldia, hilaren 31n bertan, 19:00etatik aurrera, San Jeronimo aretoan (Kripta). Aurretik, Naroa Miguel aktorea eta Naia Arantzamendi zuzendaria protagonista izango dituen aurkezpena egingo du lan-taldeak, eta proiekzioaren ondoren mahai-inguruan arituko dira.

Donostiaren historiako gertaera lazgarrienetarikoa izan zen setioa oinarri hartuta, istorio unibertsal bat sortu du autoreak, kontakizun ofizial horretan ezabatuak izan diren ahotsei garrantzia emanaz. Izan ere, basakeria horren ondoren, 79 lekukotza jaso ziren hiri harresitu hartan gertatutakoaren berri izateko. Testigantza guztiek bazuten zerbait komunean: emakumeek ordaindu zuten prezio altua. Hala ere, kontakizun horietatik bi baino ez ziren emakumeek emandakoak. Honen aurrean, “benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat” sortu du Arantzamendik.

1813. urtean Donostiar hiriak jazotako erasoa islatuko du, ikuspegi, espazio eta egoera zehatz batetik abiatuta. Espainiako Independentzia Gerraren erdigunean, Donostian. Ingelesen eta frantsesen arteko gatazkan harrapatuta, donostiarrak. Suntsitzen ari diren hiri bateko logela bateraino heltzea lortuko du Juanak (10). Bonbak, tiro hotsak, laguntza eskatzen duten garrasiak, soldaduak… guzti horretatik ihes egiteko asmoz, bizitzari eusteko ahaleginetan, gordeleku bilakatuko du Juanak logela horren armairua.

Naroa Miguel Arregi haurrak bete du Juana protagonistaren papera, eta Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gorpuztu dituzte gerrariak. Guztiak elkartu dira asteburuan Andoainen gauzatu duten errodaje lanean. Naia Arantzamendiren gidaritzapean aritu ziren haiekin Ainara Mendiola, zuzendari laguntzaile, eta Maialen Sarasua Oliden, script eta muntatzaile lanetan. 

Maluta* Films ekoiztetxeko Ritxi Lizartza izan da ekoizle-eragilea; Cris Fraile izan da errodajea kudeatu duen produkzio burua; eta Alex Sueriasek, Victor Rodriguezek, Iban Toledok, Javier Sevak eta Ioritz Dominguezek osatu dute argazki-taldea. Lander Llorens arduratu da soinuaz; Telmo Tola izan du figuringile; eta Nerea Berroeta zein Sandra Vicente aritu arte-zuzendari.

I.Film Laburren Gidoi Lehiaketa

Proiektuak ZINEA hedabideak 2020. urtean gauzatutako gidoi lehiaketa du abiapuntu, lehen edizio horretako garailea izan baitzen. Euskal Herriko unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Arantzamendik, eta Madrilera jo zuen gero gidoigintzan espezializatzera. Bertan zegoela izan zuen  ZINEAko I. Film Laburren Gidoi Lehiaketaren berri, eta honen bulkadari esker buruan bueltaka zuen proiektuari heltzea erabaki zuen. Bada, edizioko irabazle hautatu zuen epaimahaiak.

Izaskun Arandia ekoizleak, Euskadiko Filmategiko Esther Caberok eta Ekain Albite zinemagileak izan zuten proiektu irabazlea adosteko ardura, eta aho batez erabaki zuten   Arantzamendik aurkeztutako SUTAN  aldarrikatzea: “Oso lan bisuala da, iradokitzailea, eta genero ikuspuntutik ere landua dagoena”.

Gidoiaren idazleak 800 euroko ordainsaria jaso zuen orduan eta, horrez gain, gidoiaren filmaketarako finantzaketa zein giza baliabideak bilatzeko aukera eskaintzeko konpromisoa hartu zuen hedabide honek.

Bada, oinarri sozial eta historiko handiko proiektuak lantzen dituen Maluta* Films ekoiztetxe donostiarra izan dugu bidelagun, eta haren babesari esker gauzatu du Arantzamendik ekoizpen-bidea. Pozik azaldu dira denak emaitzarekin; esperientziaren marka positiboa nabarmendu dute, lan-taldearen maila eta erantzuna, eta gogotsu azaldu dira post-produkzio faseari ekiteko.