Irizarrek zaborra biltzeko bi kamioi elektrikoz hornituko du Donostiako Udala

0

Donostiako Udalak hiri-hondakin solidoak biltzeko bi kamioi elektrikoz hornitzeko kontratua adjudikatu dio Gipuzkoako Irizar enpresari.

Miguel Angel Dez Hiri Mantentzeko zinegotziak adierazi duenez, “Donostia izango da, horrela, zaborra biltzeko flotan kamioi guztiz elektriko bat duen lehenengo euskal hiria. Kamioiak % 100 elektrikoak eta zero isurketakoak dira, eta 2023. urtearen amaieran iritsiko dira hirira, enpresa adjudikazioduna orain hasi da eta horiek fabrikatzen.”

Kamioiek edukiontziak albotik kargatzeko sistema izango dute, eta 9,2 metro luze izango dira; azken belaunaldiko bateriak izango dituzte, 306.9 kWh-ko ahalmena dutenak eta lanaldi oso baterako energia ziurtatzen dutenak.

Kamioi horiek erosiz, Donostiako Udalak aurrera jarraitzen du ingurumena errespetatzen duen mugikortasun jasangarri baten alde egiten duen apustuan. Iaz, kamioia hainbat astez egon zen probak egiten hirian, eta emaitzak oso onak izan ziren.

Kamioiaren kabina hiri-aplikazioetarako bereziki diseinatua dago. Lau lagunentzako lekua du, eta maila bakarra; modu horretara, ibilgailuan sartzea errazten du. Ate pneumatiko bat du barrurantz, kalean oztoporen bat badago ere langileak eragozpenik gabe mugitu ahal izango direla bermatzeko. Eserlekuetako batzuk tolesgarriak dira, eta, beraz, horiek jasotzen direnean oztoporik gabeko korridore bat sortzen da. Gidariaren eserlekua behean dagoenez eta aurreko eta alboko beirak zabalak direnez, ikusangelu zabala du beste ibilgailuak, txirrindulariak, oinezkoak eta erabiltzaileak ikusteko.