Nafarroa Zinemaren Lurraldea lehiaketa eta ALMA, elkarlanean

0
zinea.eus

ALMA gidoigileen sindikatuak laugarren urtez babestuko du film laburren lehiaketa, eta proiektu finalisten egileei laguntza eskainiko diete bertako kide diren Laura Solana eta Santi San Martin profesionalek.

Nafarroako beste horrenbeste leku turistikotan kokatutako fikziozko 10 film laburren ekoizpena sustatzea, erkidegoan turismoa sustatzeko. Horixe izan zuen sortze-helburua Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean antolatutako Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenak, eta horretan dirau oraindik, Hamargarren edizioa beteko du aurten deialdiak, eta izen-emate epea zabalik da, abuztuaz geroztik.

Gainera, telebistarako eta zinemarako 800 gidoigile inguru batzen dituen ALMA sindikatuarekin lankidetza akordioa berritu dutela iragarri dute, eta ondorioz, programak iraun bitartean, proiektu finalistetako egileek laguntza tekniko profesionala jasoko dute, tutoretza saioen bidez.

Gidoiak ikusi, baloratu eta aldaketak proposatzeaz arduratuko diren bi profesionalak Laura Solana eta Santi San Martin izango dira.  Egileek bi gidoigileokin egingo dute beren proiektuen lanketa, eta ostean, azaroaren 23ra arte izango dute horiek errodatzeko aukera. Antolakuntzaren xedea grabaketarako erraztasun guztiak eskaintzea da, eta beharrezkoa balitz lau lagunentzako egonaldia ordaintzeko prest dira.

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 5ean bukatuko da, eta adin nagusiko edozein pertsona aurkeztu ahal izango da deialdira; gaia eta generoa libreak izango dira, baldin eta istorioa eta ekoizpena antolatzaileek proposatutako kokapenetako batean eta dagozkion mugarri turistikoetan gertatzen badira.

Orotara bost sari nagusi banatuko dituzte: 2.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, argazki onenaren 500 euroko saria, ikusleen 500 euroko saria, eta epaimahaiaren 500 euroko sari berezia. Gainera, interpretazio onena sarituko duten 250 euroko laguntza banatuko dute.