Olivia Wildek zuzendutako ‘Don’t Worry Darling’ filmak osatuko du Perlak saila

0

Don’t Worry Darling, Olivia Wilde zinemagile eta aktore estatubatuarrak Veneziako Mostran lehiaketaz kanpo parte hartzeko baliatuko duen film luzea, Perlak sailean sartuko da Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Azken sarrera honekin, Espainian merkaturatu gabe egonik kritikak goraipatu dituen edo/eta nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak jaso dituzten 17 filmen hautaketa bat osatzen da.

Booksmart (2019) komediarekin zuzendari gisa debuta egin ondoren, Wildek (New York, 1984) thriller psikologiko ausart, korapilatsu eta bisualki liluragarri bat aurkezten digu bere bigarren filmarekin. Kate Silbermanek idatzitako gidoi batean funtsatuta egin da filma, 50eko hamarkadan girotuta dago eta pertsonaia nagusia senarraren enpresak sekretu ilunak ezkutatzen dituelako susmoa duen emakume bat da.

Wildek aktore gisa ere parte hartzen du Florence Pughek –Little Women (2019) filmagatik Oscar baterako izendatuak– eta Harry Stylesek (Dunkirk, 2017) ere rol protagonistak dituzten film honetan. Beste aktore batzuk Gemma Chan (Crazy Rich Asians, 2018), Kiki Layne (The Old Guard, 2020) eta Chris Pine ( All the Old Knives, 2022) dira.

Olivia Wilde zuzendaria, aktorea, ekoizlea eta aktibista gure garaiko emakume modernoa da. Film luzeak zuzentzeaz gain, Broadwayn antzezten du eta film eta telesail ezagunen protagonista ere bada. Wilde oso lanpetuta ibili da zinema egiten azken urteotan. 2019an egin zuen debuta zuzendaritzan, Booksmart filmarekin, eta bere lehen lan horrek hainbat golardo beretu zituen, belaunaldi baten ereserki bihurtzeaz gainera.

Nola Wildek hala bere filmak sariak jaso zituzten hainbat zinema-jaialditan, hala nola Publikoaren Saria San Frantziskoko zinema-jaialdian; Wilderentzat izendapenak lortu zituen Gotham Awards eta Critics’ Choice Award sarietan; 2019ko Film Onenen zerrendetako lehen postuetan agertu zen eta Wildek Lehen Lan Onenaren Independent Spirit Saria irabazi zuen 2020an. Wilde 1984an jaio zen, New Yorken (AEB).

Perlak saila beste 16 film luzek osatuko dute, Juan Diego Botto, Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Alejandro G. Iñárritu, Louis Garrel, Mia Hansen-Løve, Oliver Hermanus, Hirokazu Koreeda, Marie Kreutzer, Isaki Lacuesta, Santiago Mitre, Brett Morgen, Cristian Mungiu, Ruben Östlund, François Ozon, Oriol Paulo eta Rodrigo Sorogoyen zinemagileen eskutik. Moonage Daydream, –Perlak enpresak itxiko duena– eta Los renglones torcidos de Dios, –saileko emanaldi berezia izango dena– lanak izan ezik, gainerako pelikulak Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko dira.