Bizkaiak luzatu egin du zergak ordaintzeko gerorapena, eta inflazioaren aurkako neurriak onartu ditu PFEZean

0

13.960 langile autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainek beren zergen ordainketa atzeratu dute urteko lehen bi hiruhilekoetan; horretarako, Bizkaiko Foru Ogasunak energiaren prezioen igoeraren ondoriozko egoera ekonomikoaren ondorioak arintzen laguntzeko eskainitako ezohiko geroratzea erabili dute, interesik eta bermerik gabe. Neurriak 116,6 milioi euroko likidezia injektatu du orain arte, eta hirugarren hiruhilekoari dagozkion ordainketetara hedatu da, zeinak urrian egingo diren. Hala, langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek beren zergen ordainketa geroratu ahal izango dute, bermerik jarri gabe eta interesik ordaindu gabe, eta zorra bederatzi hilabetean itzuliko dute, hiru hilabeteko gabealdiarekin.

Ezohiko geroratze hori joan den apirilean hartutako neurrietako bat izan zen; neurriok indartu egin dira Aldundiko Gobernu Kontseiluak inflazioa arintzeko onartu dituen neurriekin.

Neurri horien eragin zenbatetsia zergapetzean 125,3 milioi euro gutxiago biltzea da eta, beraz, likidezia handiagoa eragingo dute etxeko ekonomietan; aldi berean, beste 32 milioi euroko likidezia-injekzioa gauzatuko da jarduera ekonomikoetan.

% 4ko deflaktazio gehigarria PFEZn, % 5,5era iritsiz

PFEZaren deflaktazioa % 5,5era arte igoko da 2022ko ekitaldirako langileen erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko. Horretarako % 4ko deflaktazio gehigarria ezartzen da 2022ko Aurrekontuei buruzko Foru Arauan aplikatu zen % 1,5ekoaren gainean. Deflaktazio gehigarri hori oinarri orokorreko tarifan aplikatuko da, eta ehuneko berean handituko dira baterako tributazioagatiko murrizketa, kuotaren gutxitzea eta kenkari pertsonalak eta familiarrak. Halaber, 2022ko atxikipenen taulan aplikatuko da eta, ondorioz, neurri honek eragina izango du irailaren 1etik aurrera jasotako nominetan.

Erantsitako dokumentuan, 2022rako atxikipenen taula kontsulta daiteke, % 4ko deflaktazio gehigarriarekin eguneratua.

200 euroko aparteko kenkaria PFEZn

Deflaktazioaz gain, 2022ko PFEZan 200 euroko aparteko kenkari bat ezartzen da, errenta baxu eta ertainak dituzten zergadunei modu zuzenagoan laguntzeko energiaren eta premia biziko beste produktu batzuen kostuaren igoeraren aurrean.

2022ko zergaren kuotaren gutxitze hau osorik aplikatuko da 30.000 eurotik beherako errentak dituzten aitorpen guztietan, 30.000 eurotik aurrera pixkanaka murrizten da eta desagertu egiten da 35.000 eurotik gorako oinarria duten aitorpenetarako. Erreferentzia gisa 2020ko ekitaldiko datuak hartuta, Bizkaian 270.000 aitorpen inguruk 30.000 eurotik beherako errenta ordaintzen dute, eta beste 65.000 aitorpenek 30.000 eta 35.000 euro arteko oinarria dute.

Aparteko laguntzen salbuespena PFEZn

Inflazioa handitzearen ondoriozko egoera arintzeko zergadunek jasotzen dituzten laguntza publikoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daude.  Familia kalteberentzako eta  zaurgarrienentzako 200 euroko laguntza da, 11/2022 Errege Lege Dekretuarena, eta kolektibo kalteberentzako bonu digitalak jaulkitzeko programari buruzko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko uztailaren 14ko Aginduari jarraiki emandako laguntza.

PFEZaren ordainketa zatikatuak salbuestea

Jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsonei likidezia zuzkitzearen ondoreetarako  pertsona horiek ez dituzte ordaindu behar PFEZren ordainketa zatikatuak 2022ko ekitaldi osoan. Horretarako urteko hirugarren eta laugarren hiruhilekoetara luzatzen da apirilaren 5eko 2/2022 Foru Dekretu Arauemaileak ekitaldiaren lehen erdirako ezarritako salbuespena.

Neurria lehen bi hiruhilekoetan aplikatu da, eta epealdi horretan 11 milioi euroko likidezia-injekzioa eragin du.

Sozietateen gaineko zergan ordainketa zatikatutik salbuestea

Likidezia emateko helburu berarekin, era berean 2022an Sozietateen gaineko Zergaren ordainketa zatikatutik salbuesten dira 50 milioi eurotik beherako eragiketa-bolumena duten enpresak, betiere zergak zerga-taldeen araubide berezian ordaintzen ez badituzte.