Zabaltegi-Tabakalera sailak hainbat zinema-jaialditatik –hala nola Berlin, Cannes, Jeonju, Locarno, Rotterdam, Sundance eta Venezia– datozen obren hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Lehiazko sail irekienean (izan ere, ez du estilo- edo denbora-mugarik), Santiago Lozak mundu-estreinaldi gisa erakutsiko digu lan berria Ruth Beckermann, Lee Chang-dong, Bi Gan, Natalia López Gallardo eta Hlynur Pálmason zinemagileekin batera. Sailean, eta beste film bat gehitzeke geratzen dela, oraingoz 22 lanek hartuko dute parte: 13 film luzek, zortzi film laburrek eta film ertain batek.
Zinema Eraikitzen ekimenean eta Koprodukzio Foroan hainbat proiektu aurkeztu eta Horizontes Latinos sailean parte hartu ondoren, Santiago Loza argentinarra (Córdoba, 1971) Amigas en un camino de campo / Friends on a Country Road film luzearen mundu-estreinaldiarekin itzuliko da Zinemaldira, eta adiskidetasunari, denboraren iragaiteari eta absentziari buruzko istorio bat kontatuko digu pelikula horretan.
Ruth Beckermann (Viena, 1952) zinemagile austriarrak Josefine Mutzenbacher (1906) eleberri erotikorako hurbilketa garaikide bat egin du Mutzenbacher bere film luze berriaren medioz. Berlinaleko Encounters sailean film onenaren saria irabazi zuen egilearen lan berriak.
Laura Citarella argentinarraren (La Plata, 1981) lan berria Trenque Lauquen da, Veneziako Orizzonti sailean parte hartuko duen filma, bi zatitan banatua (edo saga bat osatzen duten bi film), emakume baten desagerpen misteriotsutik abiatzen dena.
Andrés Di Tella argentinarra (Buenos Aires, 1958) 327 cuadernos (2015) eta Ficción privada / Private Fiction (2019) lanak aurkeztu zitueneko sailera itzuliko da. Oraingoan Diarios izango da bere ekarpena, BAFICI jaialdiaren azken edizioan estreinatutako pieza laburren sorta bat.
Skynd Deg Sakte / Hurry Slowly (2018) filmarekin debutatu ondoren, Anders Emblem norvegiarrak (Ålesund, 1985) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du bere bigarren filmarekin. Hala, A Human Position –Tromsø, Rotterdam, Jeonju eta beste jaialdi batzuetan erakutsia– bidegabekeria bat deskubritu eta bere bizitza pertsonala beste ikuspegi batetik aztertzen hasiko den kazetari baten erretratua da.
Natalia López Gallardo boliviarrak (La Paz, 1980), Carlos Reygadas, Amat Escalante eta beste hainbat zinemagileren filmetan muntatzaile-lanetan aritu ondoren, Manto de gemas / Robe of Gems filma zuzendu du. Mexikoko krimen antolatuaren indarkeria aztertzen du egilearen lehen film luzeak, eta Epaimahaiaren Saria jaso zuen azken Berlinalen.
Dylan Southern (1977) eta Will Lovelace (1978) britaniarrek, Björk, Jack White eta Blur artista eta talde ospetsuei buruzko buruzko dokumental musikalak elkarrekin zuzendu ondoren, Meet Me in the Bathroom sortu eta Sundancen estreinatu zuten. XXI. mendearen hasierarako atzerabegirako bat da filma, New Yorken garai hartan zegoen musika-agertokirako bidaia da, hain zuzen ere, The Strokes, LCD Soundsystem, Yeah Yeah Yeahs eta beste hainbat musika-talde nagusi zirela.
Locarnoko zinema-jaialdian izan ondoren, Ann Oren (Tel-Aviv, 1979) zinemagileak fikziozko bere lehen film luzea erakutsiko digu Donostian; bizkarrean zaldi-buztan bat ateratzen zaion emakume bat da Piaffe pelikularen protagonista nagusia.
Thomas Salvador frantziarrak (Paris, 1973) New Directors sailean estreinatu zuen Vincent n’a pas d’écailles / Vincent (2014) bere lehen lana, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean izango dugu oraingoan, den-dena utzi eta Alpeetan kokatzea erabakitzen duen ingeniari paristar bati buruzko La montagne / The Mountain film luzearekin, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean erakutsi ondoren.
Cyril Schäublin suitzarrak (Zurich, 1984) zuzendari onenaren saria lortu zuen Berlinaleko Encounters sailean, baita film onenaren saria ere Jeonjuko zinema-jaialdian, Unrueh / Unrest bere bigarren film luzearekin. Erlojuen fabrikazioan diharduen eta mugimendu anarkistak indarra hartzen duen XIX. mendeko herri txiki batean girotuta dago egilearen fizkiozko lan berria.
Sail Ofizialean In Fabric (2018) film luzearekin lehiatu eta Cold Meridian (2020) Zabaltegi-Tabakaleran erakutsi ondoren, aurten Peter Strickland britainiarrak (Reading, 1973) Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da berriz film labur berri batekin: Blank Narcissus (Passion of the Swamp) lanean film pornografikoen zuzendari beterano batek bere iragana gogoratzen du.
Hlynur Pálmason errealizadore islandiarrak (Sveitarfélagið Hornafjörður, 1984), bestalde, bi lanekin hartuko du parte aurten Zabaltegi-Tabakalera sailean. Batetik, bere hirugarren film luzea aurkeztuko digu, Godland, Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatua eta XIX. mendearen amaieran girotua; film luze horretan, Danimarkako apaiz gazte bat Islandiako gune urrun batera joango da eliza bat eraiki eta bertakoei argazkiak ateratzeko. Bestetik, Nest film laburra ere erakutsiko digu egileak, Berlinale Special sailean izan ondoren; urtebete zuhaitz batean etxe bat elkarrekin eraikitzen eman zuten senide batzuk dira Pálmasonen film laburraren protagonistak.
Las criaturas que se derriten bajo el sol / Les créatures qui fondent au soleil, Cannesko Semaine de la critique atalean programatua eta maitale ohiari bisita egitera doakion emakume trans baten istorioa kontatzen diguna, Diego Céspedes txiletarraren (Santiago, 1995) film labur berria da; Nest sailean Panavisión saria irabazi zuen Céspedesek El verano del león eléctrico (2018) obrarekin, eta 2020an, horrez gain, Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen La misteriosa mirada del flamenco proiektuarekin (txiletarraren lehen film luzea izango da).
Poetry (Perlak, 2010) eta Burning (2018) film luzeen egile, Lee Chang-dong hegokorearra (Daegu, 1954) Zinemaldian izango dugu berriz Heartbeat film laburrarekin. Filmaren protagonistak, zortzi urteko mutiko batek, eskolatik ihes egingo du, beldur baita bere amak, depresioa duenez, bere buruaz beste egingo ote duen etxean bakarrik dagoen bitartean. Hego Koreako zuzendariak Jeonjun estreinatu zuen lan hau, eta atzerabegirako bat eskaini zion, izan ere, zinema-jaialdi horrek.
Bi Gan (Kaili, 1989) errealizadore txinatarrak Di Qiu Zui Hou De Ye Wan / Long Day’s Journey into Night (2018) bere bigarren filma Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zuen, eta aurten Po sui tai yang zhi xin / A Short Story maitagarri-ipuin pertsonal-pertsonalarekin izango dugu berriz ere sail berean zinemagilea, Cannesko zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialetik igaro ondoren.
Rotterdamgo eta Melbourneko jaialdietan aurkeztua, Nowhere To Go But Everywhere film laburra 2011n Japonian jazotako tsunamian emaztea galdu zuen gizon baten dramara gerturatzen da. Zuzendariak Erik Shirai (Chicago, 1984) eta Masako Tsumura (Tokio, 1973) dira; Shiraik Culinary Zineman erakutsi zuen The Birth of Sake (2015) bere lana.
Horrez gain, Zabaltegi-Tabakalerak Naname no rouka / Itchan and Satchan film ertaina ere izango du, non Takayuki Fukata japoniarrak (Yokohama, 1988) egoitza batean ingresatuta duten amonaren etxea txukuntzen ari direla gauza jakin batzuetan ados ez daudela jakingo duten bi ahizparen istorioa kontatzen baitigu.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, orobat, jada iragarri diren lau film hauek hautatu dira: Elena López Rieraren El agua / The Water, Ikusmira Berriak lehiaketan parte hartu eta Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean hautatu zen filma; Cerdita / Piggy, Carlota Peredaren lehen film luzea, Sundance zinema-jaialdian estreinatua; eta Kimuak programako hautatu ziren bi film labur, batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa / The Third Notebook, lehiaketaz kanpo erakutsiko dena Cinéma du Réel jaialdian estreinatu ondoren, eta bestetik, Estibaliz Urresolaren Cuerdas / Chords, Cannesko Semaine de la critique atalean izan ondoren Zinemaldian emango dena.
Donostia Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du zein filmek merezi duen Zabaltegi-Tabakalera Saria, 20.000 eurokoa: 6.000 euro filmaren zuzendariari emango zaizkio, eta gainerako 14.000 euroak obra Espainian banatzeko ardura duen enpresari.