VIVE LE CINÉMA! erakusketako edukiak sarean

0
zinea.eus

VIVE LE CINÉMA! erakusketa Amsterdameko Eye Filmmuseum eta Tabakaleraren arteko ekoizpen bat da, Donostia Zinemaldiaren lankidetzan. Erakunde hauen programetan funtsezkoak dira zinema eta ikus-entzunezkoak eta, horiek hedatzeaz gain, euren sorkuntza ere sustatzen dute. Hori dela eta, bertan aurkeztu diren lau obrak ekoizpen berriak dira, dagoeneko ikusgai daudenak. 2022ko uztailaren 9an ireki dute, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko lehen solairuko erakusketa areto nagusian, eta 2023ko urtarrilaren 8ra bitartean bertaratu daiteke.

Dea Kulumbegashvili, Jeremiah Lemohang Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-Ke izan dira gonbidapen horri erantzun eta pantailaren mugak aztertu dituztenak. Besteak beste, haiek arduratu dira obrak gauzatzeaz, eta argia eta soinua oinarri hartuta zenbait gai landu dituzte: bizitza eta heriotza, politika eta egunerokoa, gorputzaren presentzia eta absentzia. Dispositibo zinematografikoa bera berrasmatu egin dute, praktika artistikoentzako propioagoa den teknologia erabiliz, film-esperientzia sustatze aldera. Bada, lanketa horien konbinaziotik sortu dute VIVE LE CINÉMA! erakusketa.

Gero eta ohikoagoa da erakusketa-areto batean filmak ikustea, edo zinema-areto batean ikus-entzunezko piezak, baita truke horri buruzko esperimentazioa ere. Izan ere, zinemaren eta erakusketen arteko gurutzaketak espazio-denbora berri bat sortzen du: denborari dagokionez, ez dago hasierarik ezta amaierarik ere, mugitzen diren irudiak etengabe proiektatzen baitira; espazioari dagokionez, aldiz, pantaila zinematografikoen izaera estatikoa eta bi dimentsiotakoa hiru dimentsioko esperientzia bilakatzen da, eta hor mugitzen da ikuslea.

Bisita gidatuak

VIVE LE CINÉMA! erakusketak zinema zer den eta argia eta soinua pantailatik haratago nola hedatzen diren berraurkitzea planteatzen du. “Zinema hedatuak”, begiratzeko, entzuteko eta esperimentatzeko modu berriek funtsezko papera betetzen dute ikusgai dauden instalazioetan.

Bada, horiek guztiak azaldu eta mahaigaineratuko dituzten bisita gidatuak izango dira, hilean behin eta ele bitan. Saioek ordubeteko iraupena dute eta Tabakalerako bitartekari batek dinamizatuko ditu.

Bisita hauetan erakusketaren edukiak ezagutzea eta arte garaikidera hurbiltzeko modu berriak esperimentatzea proposatzen dute antolatzaileek. Ez da beharrezkoa inolako ezagutzarik izatea horietan parte hartzeko

Ikusi bisiten datak, hemen.

Edukiak sarean ere bai

Bisitetan ikusitakoan sakondu eta esperientzia osatzeko asmotan, mostrarekin erlazionatutako zenbait eduki zabaldu dituzte sarean ere. Ikus-entzunezko pieza laburrak dira, horietako batzuk euskaraz azpititulatuak.

Jarraian duzuen estekan ikusi ditzakezue: https://www.tabakalera.eus/eu/ikusi-irakurri-entzun/zerrendak/vive-le-cinema/