Bienal de São Paulo 2023ko komisarioek euskal testuingurua ezagutu dute ZABAL programaren eskutik

0
PRUEBA

São Pauloko Bienalaren 35. edizioa 2023an egingo da, eta bertako komisarioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira euskal sortzaileen testuingurua ezagutzeko, ZABAL programari esker. Abuztuaren 25etik 29ra, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan ibiliko dira Manuel Borja-Villel arte historialari eta Reina Sofia Museoko Zuzendaria; Diane Lima komisario independientea, idazlea eta ikertzailea; eta Hélio Menezes antropologoa, kritikaria eta ikertzailea.

Donostiako Tabakaleran harrera egin diete Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak; eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak.

Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da bisita hau, helburu duena euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak josiz. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen asistentzia teknikoa jasotzen du.

Oraingoan, arte performatiboak eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten artistekin elkartuko dira, eta hori dela eta, Isabel de Naverán-ek egin ditu bisitaren komisario lanak. Izan ere, ikertzailea da, artearen, koreografiaren eta performancearen arteko gurutzaketan berezitua. 2017tik, zuzeneko arteen komisarioa da Reina Sofía Museoko Jarduera Publikoen Sailean, eta ikertzaile elkartu gisa ere lan egiten du Bilboko Azkuna Zentroan (2021-22).

Programaren hasierara buelta egingo du oraingoan, nolabait, ekimenak: 2019ko azaroan martxan jarri zenean, Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa Euskal Herrian izan zen. Geroztik, arte garaikideko zenbait profesional izan dira Euskal Herrira bisitatzera gonbidatuak bertako artistekin harreman zuzena izan eta lankidetza posibleak aztertzeko.

Komisarioen inguruan

Manuel Borja-Villel Artearen Historian doktorea da New Yorkeko City University-n, eta  2008tik Madrilgo Reina Sofía Museoko zuzendaria eta museoaren bildumaren garapenaren eta berrinterpretazio sakonaren arduraduna da. Azken urteotan, Reina Sofíak kultura-ekoizpenaren erreferente gisa duen posizioa indartu du, besteak beste, museoak, unibertsitateak eta erakunde independenteak biltzen dituen erakunde-sare asimetrikoarekin egindako lanaren bidez. Antoni Tàpies Fundazioa (Bartzelona, Espainia) zuzendu zuen 1990ean sortu zenetik 1998ra arte, eta fundazioa erakunde esperimental bihurtu zuen, kritika instituzionalean oinarritutako programa batekin. Bartzelonako Museu d ‘Art Contemporani-ren buru zela, 1998tik 2008ra, kudeaketa publikoa herritarren agendaren zerbitzura jarri zuen, pedagogia erradikalaren, kritikaren eta esperimentazio instituzionalaren bidez disidentzia leku bat sortuz.

Diane Lima, bestalde, Salvador eta São Paulo artean bizi da, Brasilen. Ford Foundation Global Fellowship erakundeak saritutako brasildarretako bat da, eta bere proiektuak praktika artistiko eta kuratorialei buruzko eztabaidak ikuspegi dekolonial batetik zabaltzeagatik nabarmendu dira. Komunikazioan eta semiotikan masterra egin zuen PUC-SP-n, eta Museu de Arte Contemporânea da Universidade de São Pauloko (MAC-USP) iraupen luzeko erakusketa berriaren komisio-batzordeko kide da.

Hélio Menezes ere São Paulon bizi da. Arte garaikideko komisarioa izan zen Centro Cultural São Paulo-n 2019tik 2021era, eta literaturako komisarioa ere izan zen bertan, 2019ko martxotik urrira bitartean. Munduko Gizarte Foroaren nazioarteko koordinatzailea  izan da Belém (2009), Dakar (2011) eta Tunisian (2013). 2021ean, ArtReview aldizkariak munduko arte garaikideko 100 pertsona garrantzitsuenetakotzat jo zuen.

Komisarioen laukotea osatuko du Grada Kilomba diziplina anitzeko artista, idazle eta teorialariak. Berlinen bizi da, Alemanian. Diziplinarteko artista, idazlea eta filosofian doktorea da Berlingo Unibertsitate Librean, eta eskolak eman ditu nazioarteko hainbat unibertsitatetan, hala nola Vienako Arteen Unibertsitatean (Austria). Bere lanek ezagutzari, botereari eta indarkeria ziklikoari buruzko gaiak lantzen dituzte, eta Berlingo 10. biurtekoan, documenta 14-n, Lubumbashi VI.aren Bienalean eta São Pauloko 32. biurtekoan erakutsi dira, baita nazioarteko museo eta antzoki askotan ere. Bere arteak formatu ezberdinak ditu, performancea, irakurketa eszenikoa, testuak, bideoa eta instalazioa, besteak beste, oroimena, trauma, generoa eta postkolonialismoa ardatz hartuta. Bere lanak bilduma publiko eta pribatuetan daude, Tate Modernen bilduman, adibidez.

ZABAL egitasmoa

São Pauloko Biurtekoko komisarioen bisita Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

Egitasmo honen bidez sortu dira, euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile desberdinen artean, elkarlanerako hainbat aukera. 2019ko azaroan etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko biurtekoko komisarioa. 2020ko otsailean Ruangrupa kolektiboko kideak bertaratu ziren Euskal Herrira, Documenta Fifteen-eko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Marina Otero Shangaiko Biurtekoko komisarioaren bisitarekin eman zitzaion jarraipena egitasmoari, iaz. Aurten, Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak parte hartu du 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratutako Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan eta Biennale Arte 2022n ikusgai daude June Cresporen lanak.