‘Cinco lobitos’ filma 95. Oscar sarietarako bidean

0
zinea.eus

Amatasunaren eta zaintzaren haritik tiraka sortu du Ruiz de Azuak Cinco lobitos film laudatua. Bizkaitarraren lanak zeresana eman zuen 72. Berlinaleko Panorama sailean, eta Malagako Jaialdiko 25. edizioan nagusi izan zen: Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga, emakumezko aktore onenaren ‘ex aequo’ saria eta gidoi onenaren sariak eskuratu zituen. Bada, estreinaldi komertzialean harrera beroa izan ostean, Hollywoodera bidean jarri da ekoizpena.

Espainiako Zine Akademiak gaur bertan jakinarazi ditu 2023ko Oscar sarietan espainiar lurraldea ordezkatzeko hiru finalistak, eta bizkaitarren opera prima zerrendan ageri da. Berlingo zinema jaialdian Urrezko Hartza irabazi duen Alcarràs (Simón) ekoizpen kataluniarra eta Cannesen erakutsi duten As Bestas (Sorogoyen) dira beste bi finalistak.

Hollywoodeko Akademiak 2023ko martxoaren 12an ospatuko du 95. Oscar sarien gala, eta bertan izango diren film guztiak zehaztu aurretik, hainbat fase igaro beharko dituzte nazioarteko ekoizpenek. Espainiako Akademiak irailaren 13an jakinaraziko du behin betiko hautagaia.

Amatasuna aztergai

Madril eta Bizkaia artean errodatu zuen Ruiz de Azuak Cinco lobitos filma, 2021eko uztailean, eta Laia Costa du protagonista. Ama izan berri den eta nola jokatu behar duen ez dakien Amaiaren paperean ikusiko dugu, eta Susi Sanchez Goya sariaren irabazleak bete du Begoña amaren papera; Ramon Bareak Koldo aitarena. Horrez gain, Mikel Bustamante jarri da  Javi senarraren paperean.

Encanta Films, Sayaka Producciones eta Buena Pinta Media ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Madringo Erkidegoaren laguntza jaso du, RTVEren, EiTBren eta Orangen parte-hartzearekin.