Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, kontingentzia energetikoaren euskal planaren diseinuaren arduradunak, ekarpenak bildu ditu planaren bigarren bertsioa osatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzaren beraren sailetatik, tokiko erakunde publikoetatik, Eusko Legebiltzarreko talde politikoetatik eta, bereziki, enpresa- eta industria-saretik jaso dira ekarpen horiek.
Sailak ez du aterik ixten ekarpen berriak jasotzen jarraitzeko, eta lehendik daudenak aztertuko ditu, kontingentziaren euskal planaren bigarren bertsio bat egiteko eta irailaren lehena baino lehen Trantsizio Ekologikoko Ministeriora bidali ahal izateko.
Ildo horretan, gaur goizean, Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta ministroa Arantxa Tapia sailburuari zuzendu zaio jakinarazteko euskal plana aintzat hartuko dela, oso proposamen sendoa delako.
Topaketa enpresa-sarearekin
Iragarri bezala, Industriako eta Energiaren Euskal Erakundeko lantaldeek topaketa telematikoa izan dute hogei bat enpresa-eragilerekin (Industria Koiunturaren Behatokia osatzen duten industria-klusterra, Confebask, Adegi, Cebek eta SEA), lantzen ari diren kontingentzia energetikoaren planteamendua kontrastatzeko eta bigarren bertsio baterantz modu adostuan aurrera egiteko. Bigarren bertsio horretan, gasaren kontzentrazioa murrizteko ildoak eta jarduera energetikoari lotutakoak gehituko dira.
Enpresa-sareak, modu positiboan hartu du proposamena, pizgarrietan oinarritzen delako eta ez isunetan, eta bat dator premiaz gasa eta energia aurrezteko ahaleginak egiteko beharrarekin. Industriak eskatutako eta iradokitako ahaleginak fokua jartzen du, batez ere, ekonomiaren deskarbonizazioa bizkortzeko dauden programak eta tresnak indartzean.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta EEEk konpromisoa hartu dute gasa aurrezteko, energia-eraginkortasunerako, autokontsumorako, ibilgailuak eta azpiegitura elektrikoak berritzeko eta abarretarako dauden laguntza-programen zabalkundea indartzeko.
Eusko Jaurlaritzak bigarren dokumentu bat prestatuko du, publiko eta pribatuen ekarpenekin, eta abuztuaren 31n berriro partekatuko du alderdi guztiekin. Bertan, etorkizunean indarrean jartzeko aplikatu eta/edo aztertuko diren neurri berriak jasoko dira.
Era berean, Trantsizio Ekonomikoko Ministerioarekin hitz egindakoaren ildotik, Eusko Jaurlaritza saiatuko da energiaren arloan eskura dituen Europako baliabideak gauzatzen, eta Bruselatik datozen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik baliabide gehigarri berriak biltzen.
Arantxa Tapia sailburuak eskertu egin du eragile guztiek plan honen parte-hartzean eta inplikazioan egindako ahalegina, eta adierazi du dokumentuak izaera bizia eta irekia izaten jarraituko duela.