Hamazazpi filmek osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen guztizkoa

0
PRUEBA

Hamazazpi filmek –hamahiru film luzek eta lau film laburrek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen guztizkoa, eta Sail Ofizialean, New Directorsen, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran eta Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan banatuta egongo dira.

Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film ditu. Horietako lau, Zinemaldian mundu-estreinaldia izango dutenez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.

El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak Zinemira inauguratuko du. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) –Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean Zorion perfektua (2009) bere lehen lanarekin lehiatu zenak– zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatiko hori.

Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) ekoizle eta gidoigileak bere lehen film luzea zuzendu du: My Way Out; ez-fikziozko lan horrek Londresen kokatutako eta pertsona transentzako klubaren –filmaren izen berekoaren– historia berritzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.

Xuban Intxaustik (Donostia, 1980) Bakearen Aldeko Koordinakundea kolektibo bakezalearen historia eta printzipio etikoak esploratzen ditu Gesto lanean, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez, taldearen hiru hamarkadako ibilbideari buruz hausnartzera bultzatzeko.

Karpeta Urdinak filmean, Ander Iriarte zinemagileak (Oiartzun, 1986) ikerlan bat abiarazten du bere aitak komisaria batean torturak jasan zituelako susmoan funtsatuta. 1960tik 2014ra bitartean gure herrialdean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak, baita Istanbulgo Protokoloa ere.

Irailaren 20an (asteartean), Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren (Donostia, 1985) lehen lana estreinatuko da, Loreto Mauleón eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat.

Egun bat geroago, toki berean, EiTB Gala ospatuko da. Bertan, Kepa Junkera berpiztu aurkeztuko da, 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren lehengoratzearen eta hark utzitako ondarearen inguruko film luze dokumentala, Fermin Aiok (Algorta, 1973) zuzendua.

Halaber, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango dira, baita ere, Sail Ofizialean jada iragarrita zeuden bi film –Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) SuroFernando Francoren (Sevilla, 1976) La consagración de la primavera–, New Directors saileko pelikula bat –Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (Gasteiz, 1988)– eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.

Lehiaz kanpo

Beste hiru filmek osatuko dute Zinemiraren programazioa, baina lehiaz kanpo hartuko dute parte, Donostiako emanaldien aurretik estreinatu direlako: Alauda Ruiz de Azúaren (Barakaldo, 1978) Cinco lobitos, Berlin, Seattle eta Karlovy Varyko zinema-jaialdietan hautatua izan, Málagako jaialdiko sari nagusiak irabazi ondoren sailari amaiera emango diona –Espainiako Akademiak ere Oscar sarietan parte hartzeko finalista izendatu berri du–; 918 gauArantza Santestebanena (Iruñea, 1979), Ikusmira Berriak egoitzan garatu eta WIP Europatik igaro ondoren, Lisboan eta Torinon saritua izan zena; eta Bi arnasJon Mikel Fernández Elorzena (Donostia, 1983), torturen ondorioak jorratzen dituena Iratxe Sorzabalen eta bere amaren istorioaren bitartez.

Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dute Kimuak programako bi film laburrek: batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Cinéma du Réel jaialdian estreinatu ondoren emango dena, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Cannesko Semaine de la Critique atalean izan ondoren.

Lehendabizikoz, Nesten, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira Nest Saria lortzeko: UPV/EHUko Nagore Muriel Letamendiaren (Villabona, 2000) Erro bi eta Elías Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen (Bilbo, 1995) Noizko basoa.

Zinema-areto batean emango ez badira ere, Zinemaldian beste euskal ekoizpen batzuk ere egongo dira, proiektu-fasean dauden lanak, izango diren filmak, hain zuzen. Horrela, Helena Tabernaren Nosotros egitasmoa, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan; KarmeleAsier Altunarena, Una ballenaPablo Hernando Esquisabelena, eta BaleazaleakBaltasar Kormákurrena (izan ere, nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkarien eta tokiko ekoiztetxeen arteko lehen topaketan hartuko dute parte horiek, Spanish Screenings ekimenaren esparruan); eta Irati Gorostidik bere proiektua aurkeztuko du, Anekumen, Ikusmira Berriak egonaldi-programan industria zinematografikoko ordezkarien aurrean aurkeztua.