Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik

0

Xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak ere eskainiko dira hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan

Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2022-2023 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunzate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.

Jon Insaustik, Euskarako eta Kulturako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunzate kanpaina. Jon Insaustik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunzate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.

Halaber, Euskarako eta Kulturako zinegotzi ordezkariak gaineratu du, “aurten, Euskaraldiaren urtea izanik, bereziki egiten diegu dei donostiarrei euskarara hurbil daitezen eta hizkuntza ikas dezaten”.

Eskaintza zabala eta behar guztietara egokitua

Ikastaro eskaintza zabala dute euskaltegi eta zentro homologatuek.

  • Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko 3 eta 5 orduko ikastaro intentsiboetaraino.
  • Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.
  • Ikastaro horiez gain, azpimarratzekoak dira xede berezia duten taldeentzako egokitutako ikastaroak. Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira hauek eta euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte:

 

      • Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaroak: hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioekin batera, aipatutako gremioetako profesionalentzat antolatzen diren ikastaro espezifikoak. Izena emateko epea: abuztuaren 29tik irailaren 16ra. Ikastaroak urrian hasiko dira.
      • Langabeentzako euskara ikastaroak: langabezian dauden donostiarrei zuzendutako doako ikastaroak. Izena emateko epea: irailaren 1etik 23ra. Ikastaroa urriaren 5etik abenduaren 2ra izango da, egunero 3 orduz.
      • 16-18 urteko gazteei zuzendutako ikastaroak: batez ere uda partean eskaintzen diren ikastaroak, hezkuntza sistemaren ikasketa prozesuan euskara gaitasuna hobetu behar dutenentzako.
      • Gurasoentzako euskara ikastaroak: ikastaro hauen helburua da, 2-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea, eta guraso euskaldunei hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera ematea. Izena ikastetxeetan ematen da eta ikastaroak ikastetxean edo euskaltegian izan daitezke.
      • Erretiratuentzako euskara ikastaroak: euskaltegian edo erretiratuen egoitzetan eskaintzen diren ikastaroak.
      • Etorkinentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak: euskara ikasteko oinarri-oinarrizko ikastaroak dira, euskararekin lehenengo harremana edukitzeko, ikasleari komunikaziorako oinarrizko baliabideak (agurrak, zenbakiak eta abar) eskaintzeko eta gure gizartea eta kultura hobeto ezagutze

Informazio gehiago: www.donostiaeuskaraz.eus

Erlazionatutako dokumentuak

2022/08/29-an argitaratua