Ertzaintzak 66 urteko gizon bat atxilotu du Arabako hiriburuan, substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik. Gizona kalean atzeman zuten saltzeko dosietan prestatuta zuen kilo bat haxixekin, eta etxean substantzia beraren beste hiru bat kilo aurkitu zizkioten.
Igande goizean, Herritarren Segurtasunerako patruila bati susmagarria iruditu zitzaion Sansomendi auzoan noraezean zebilen pertsona baten jarrera, eta, agenteak ikustean, soinean zeraman motxila ezkutatzen saiatu zen. Horren aurrean, ertzainek susmagarria identifikatu zuten, eta prebentziozko miaketan haxix-barra batzuk aurkitu zizkioten patata frijituen potetan ezkutatuta. Gizonaren etxean sartu eta miaketa egiteko epailearen agindua eskatu ondoren, agenteek hiru bat kilo haxix aurkitu zituzten bertan, eta horiei hasieran atzemandako kopurua batuta, guztira lau kilo eta erdi atzeman zizkioten.
Gainera, aipatutako substantzia manipulatzeko eta dosiak prestatzeko hainbat tresna ere aurkitu zituzten.
Ebidentzia horien aurrean, agenteek atxilotu egin zuten gizona, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta.