Lanbidek sindikatu-ordezkaritzaren izendapena osatu du bere Administrazio Kontseiluan

0

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak langileen ordezkaritza bermatuko du bere Administrazio Kontseiluan, Gobernu Kontseiluak aurreko urteko ekainaren 29ko 156/2021 DEKRETUAN aurreikusitakoa betetzeko izendapen-dekretua onartuz. Dekretu hori aldatu ahal izango da, baldin eta presentzia izateko eskubidea duten erakunde sindikalek etorkizunean presentzia hori bermatzen badute.

2021eko ekainetik indarrean dagoen araudiak, zeinak, besteak beste, Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza sortu baitzuen herritarrek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta/edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eskuratzeko dituzten eskubideak hobetzeko, 6. artikuluko d letran adierazten du ordezkaritza handieneko sindikatuek bost kide izango dituztela Administrazio Kontseiluan, duten ordezkaritzaren arabera.

“Halaber, agintaldian zehar, sindikatu-antolakunderen batek edo batzuek erabakitzen badute behin eta berriro Administrazio Kontseilura ez joatea, kontseiluburuak berak kontseilukideak partzialki berritzeko prozedura bat hasiko du eta sindikatu-erakunde horiei 10 eguneko epea emango die entzunaldirako, egoeraren gaineko adierazpena egin dezaten. Alegazioak jaso ondoren edo, alegaziorik gabe, epea amaitu ondoren, kontseiluburuak ez-joate horren berariazko deklarazioa egingo du edo, hala badagokio, espedientea artxibatuko du. Ez-joatea deklaratuta, gainerako sindikatu-erakundeetako kideek beteko dituzte hutsik geratu diren postu horiek, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera Hutsegite errepikakortzat hartuko da baldin eta sindikatu-antolakunderen bateko bokal bat edo batzuk ez badira joaten inolako justifikaziorik gabe ondoz ondoko hiru bilkuratan, edo lautan urtebeteko epean”, gaineratzen du aipatu artikuluak.

Horren arabera, joan den apirilaren 12an, partzialki berritzeko prozedurari ekin zitzaion, eta alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea eman zitzaien izendatutako hiru ordezkari zituzten eta adierazitako baldintzetan bileretara joan ez ziren bi sindikatuei. Alegazio-epe hori bete eta alegaziorik jaso ez zenez, ekainaren 17an ebazpena eman zen, beste erakundeek beren proposamenak egin zitzaten, eta proposamen horiek orain onartutako dekretuari bide ematen diote. Horrela, Administrazio Kontseiluaren bileretan, Jaurlaritzak bere bost ordezkariak mantentzen ditu (lehendakaria eta lehendakariordea, zuzendari nagusia, Enpleguko sailburuordea eta Industriako eta Lanbide Heziketako sailburuordeak), enpresa-erakundeak beste bost kide, eta erakunde sindikalak beste bost kide. Horrek bermatzen du langileen ordezkaritza osoa Lanbideren Administrazio Kontseiluaren hiru aldeko foro batean.

Organo horretan parte hartzeko eskubidea duen erakunde sindikalen batek, duen ordezkaritzaren arabera, organo horretan parte hartzeko erabakia jakinarazten badu, dekretu hau aldatuko da.