Bihar, irailak 1, indarrean jarriko da % 50eko hobaria EAEko garraio publikoan. Deskontu hori indarrean egongo da aurtengo irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoko sistema ia guztiak atxiki zaizkio.
Tarifa-murrizketaren xede izango dira kontakturik gabeko txartelak (Barik, BAT eta Mugi) dituzten pertsonak, eta hobaria automatikoki kudeatuko da ohiko ordainketa-euskarri horren bidez. Hortaz, ez da beharrezkoa izango erabiltzaileek tramite gehigarririk egitea.
Deskontuak dauden tarifen eskala guztietan aplikatuko dira. Orobat aplikatuko dira dagoeneko hobari berezia duten txartelen modalitate guztietan, hala nola familia ugariko txarteletan, tarifa sozialekoetan eta gazteentzat, adinekoentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat zuzendutakoentzat, etab.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak adierazi duenez, neurriak oso dimentsio sozial argia du. Izan ere, “inflazioaren ondorioz prezioen igoera jasaten ari diren familia askoren karga ekonomikoa arintzera bideratuta dago, baita garraio publikoa sustatzera eta garraio pribatua erabiltzeko pizgarria kentzera zuzendutako alderdi ekologiko batera ere, horrela CO2 emisioak murrizteko”.
Arriola sailburuak nabarmendu du, gainera, oso garrantzitsua dela Euskal Autonomia Erkidegoa gai izan dela erantzun koordinatua emateko, hobari-ehuneko handienarekin operadore guztien aldetik. Gogoratuko denez, euskal administrazioek, Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkuran, uztailaren 7an, beren asmoa agertu zuten Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuarekin bat egiteko. Errege-dekretu horrek erregulatu egiten du garraio-abonuen eta bidaia anitzeko tituluen prezioa % 30 murriztea ezartzen duten autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei laguntzak emateko sistema. Bilera horretan bertan, Garraio Sailak iragarri zuen Euskotrenek deskontua % 50eraino igoko zuela, eta gainerako operadoreek ere Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin deskontua egiteko aukera planteatu zuen.
“Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoaren sistema —adierazi du Arriolak— konplexua da, hainbat eragile eta administrazioren esku baitago, baina Garraioetako sailburu naizen aldetik, beti izan dut helburu % 50eko deskontua lortzea lurralde osoan, euskal herritarrek hura baliatu ahal izan dezaten, haien bizilekua edo garraiobidea edozein dela ere”. Hori lortzeko, Jaurlaritzak gainerako euskal administrazioei laguntzaren zatirik handiena bermatuko die, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministeriotik jasotzen duten zenbatekoa edozein dela ere, dirulaguntzaren kostuaren % 40 estaliko du laguntza horrek. Horretara 11,2 milioi euro bideratuko dira, eta gainerako tokiko operadoreek 4,2 milioi izango dituzte beren ardurapean. Neurriaren kostua, guztira, 31,5 milioi eurokoa izango dela estimatu da.
Euskotren
Euskotrenen garraio-zerbitzuetan, EAEn indarrean dauden kontakturik gabeko hiru txarteletako edozein (Barik, BAT eta Mugi) erabili ahal izango da. Hobaria izango dute, baita ere, Larreinetako funikularraren hileko bonuak eta Kukullagako igogailuaren 10. bonuak (biak txartelik gabe eskuratzen dira).
Deskontua ez zaie aplikatuko paperean erosten diren joaneko eta joan-etorriko txartelei, eta hobaritik kanpo geratuko dira, era berean, EAEtik kanpoko garraio-erakundeekin hitzartutako abonuak ere (Passbask, Euskopass Txik-txak, Tranbus, Bortziri…).